Partida berezia Nuñez eta Cordobarentzat

0

Unai Nuñezek eta Iñigo Cordobak egun berean egin zuten debuta Athleticen, 2017ko abuztuaren 20an. Igandean San Mames bisitatuko duen Getaferen aurka gertatu zen, 2017/2018 denboraldiko Ligako lehen jardunaldian, Katedralean, ‘Cuco’ Zigandaren aginduetara. Partida hutsean bukatu zen.

Unai Nuñezek defentsaren erdian jokatu zituen 90 minutuak, Aymeric Laporterekin batera, eta Cordoba Balenziagaren ordez sartu zen 88. minutuan. Portugaleteko jokalariak beste 16 partida jokatuko zituen jarrian, denboraldia 33 partidarekin amaitzeko. Cordobak, bestalde, 30 norgehiagokatan parte hartu zuen.

Raul Garcia eta Gaizka Larrazabalen debuta

Nuñez eta Cordobaz gain, Raul Garciak eta Gaizka Larrazabalek ere Madrileko taldearen aurka jokatu zituzten euren lehen minutuak kamiseta zuri-gorriarekin. Nafarrak 2015/2016 denboraldiko hirugarren jardunaldian egin zuen, San Mamesen ere, 3 eta 1 bukatu zen etxeko garaipenaren bigarren gola sartuz. Gaizka Larrazabalek, berriz, denboraldi honetako 2. jardunaldian egin du debuta, Coliseum Alfonso Perez zelaian, atsedenaldian De Marcos lesionatua ordezkatuz. Geroztik, LaLigako beste zazpi partidatan parte hartu du bilbotarrak.