Beatriz Artolazabal: «Borondatea badago, denbora nahikoa dugu Legebiltzarrean DSBEren erreforma onartzeko»

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua elkarrizketatu du gaur goizean Maritxu Díez kazetariak Radio Vitorian, eta enpleguarekin, DSBEarekin edo euskal gazteei zuzendutako ikasketekin lotutako hainbat gairi buruz galdetu dio.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean Radio Vitorian egindako elkarrizketan, azpimarratu du denbora nahikoa dagoela DSBEaren erreforma Eusko Legebiltzarrean onartzeko, betiere horretarako borondatea badago.»Espero dut seriotasunez eta konpromisoz jokatzea erreforma hori aurrera eraman ahal izateko», gaineratu du. Beatriz Artolazabalek azpimarratu duenez, beharrezkoa da DSBEa hobetzea eta eguneratzea, «pertsona arrotzak, pentsiodunak eta langileak babesten dituen errenta bakarra». «Babestu beharreko altxor garrantzitsu bat dugu. Guztion ardura da amaiera ona ematea erreforma honi «, adierazi du.

Beatriz Artolazabalek ziurtatu du legegintzaldi honetan DSBEaren kudeaketa hobetuz joan dela egungo legearen barruan; zehazki, nabarmendu du %9,5eko igoera izan dela lau urte hauetan, krisiaren murrizketak arintzera datorren igoera. «DSBE nabarmen handitu da«, adierazi du.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonei dagokienez, Artolazabalek nabarmendu du hartzaileen kopuruak behera egin duela, eta horri esker hainbat neurri berritzaile jarri direla martxan jaitsiera horrek ekarri dituen aurrezkiekin.

Elkarrizketan zehar, enpleguari buruz ere hitz egin dute. Zerra hortzak izan arren, enpleguaren joera positiboa dela ziurtatu du Artolazabalek. «Langabeziak behera egin du», adierazi du. Nazioartean dagoen ziurgabetasuna eta horrek enpleguaren hazkundean duen eragina aipatuta, sailburuak adierazi du nazioarteko egoera zaila izan arren ekonomiak hazten jarraituko duela, eta, ondorioz, baita enpleguak ere, nahiz eta orain arte baino modu moderatuagoan egingo duen.

Gazteei zuzendutako etorkizuneko ikasketei dagokienez, sailburuak adierazi du beharrezkoa dela ikerketa teknologikoagoak eta zientifikoagoak bultzatzea, teknologiarekin eta berrikuntzarekin lotutako enpleguetara bideratutako karrerak, alegia. «Egiaztatuta dago beren etorkizuna lanbide horietara bideratzen duten ikasleek bermatuta dutela kalitatezko lana», adierazi du. Era berean, ikasketa horietan emakumezkoen presentzia sustatzearen garrantzia azpimarratu du.

Joan den urtarrilaren 30eko greba orokorraz galdetuta, Beatriz Artolazabalek azpimarratu du greba ez zegoela justifikatuta. Ildo horretan, sailburuak azpimarratu du legegintzaldian euskal herritarren arazoei irtenbidea emateko neurriak hartu direla; hala ere, aitortu du erronka batzuei aurre egiten jarraitu behar dela.