Armaginek puntu bat eskuratu dute alternatibaz beteriko norgehiagokan.
Eibarrek berdinketa lortu du Real Betisen aurka Ligako 22. jardunaldian. Armaginek puntu garrantzitsua gehitu dute alternatibaz beteriko partidan. Amaierara arte emozioa egon da Ipuruan. Bi taldeek abagune garbiak izan dituzte hiru puntuak eskuratzeko. Bukaeran, Fekirrek eta Orellanak egindako golek balio izan dute.
Mendilibarren mutilak Betisen baloi irteera presionatzen ahalegindu dira lehen minututik. Zoritxarrez, kanpoko taldea izan da markagailuan aurreratu dena. Geldikako jokaldi batean, Fekirrek Canalesen pasea jaso du eta bitan pentsatu gabe Dmitrovicen atea zulatu du.
Real Betisek motzean ateratzen jarraitu du. Hala, baloi irteera batean, Edgarrek Inuiren presioaren ondorioz, falta egin dio hegaleko jokalariari. Epaileak ez du zalantzik izan eta penalti marra adierazi du. Orellanak ez du barkatu hamaika metrotatik eta berdinketa ezarri du markagailuan. Atsedenaldira iritsi baino lehen, Enrichek aukera paregabea izan du bigarrena egiteko baina errematea kanpora irten zaio.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Pedro León bigarrena egitetik gertu izan da. Eibar kontraerasora ahalegindu da bigarren zatian. Betisek ere Dmitrovic gainditzeko aukera ezberdinak izan ditu. Borja Iglesiasek gola ere lortu du aldaratze bat jaso eta gero, baina epaileak VARaren bitartez baliorik gabe utzi du.
Hortik aurrera, bi taldeek abagune garbiak izan dituzte hiru puntuak eskuratzeko. Erasoko jokaldiak hurrenez hurren gertatu dira bi areatan. Baina lehia amaieran markagailua ez da mugitu eta puntu banaketa egon da bi taldeen artean.