Errioxa eta Euskal Autonomia Erkidegoa bildu egin dira klima-aldaketari aurre egitera bideratutako proiektuetan lankidetzan jarduteko

0
PRUEBA
  • Topaketan, biodibertsitatearen, baliabide hidrikoen kudeaketaren eta ingurumen-kalitatearen arloko gai komunak aztertu dira, baita Green Deal eta Regions4 izeneko nazioarteko ekimenetarako jarrera komun bat ere

 

Errioxako Jasangarritasun eta Trantsizio Ekologikoko sailburu José Luis Rubio eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Elena Moreno Logroñon bildu dira gaur goizean, biodibertsitatearen, baliabide hidrikoen kudeaketaren, ingurumen-kalitatearen eta klima-aldaketaren arloko gai komunak aztertzeko.

Bileran, halaber, lurralde bakoitzeko goi-kargudunek parte hartu dute. Errioxako Autonomia Erkidegotik, Biodibertsitateko zuzendari nagusi Patricia Ilundain, Ingurumen Kalitateko eta Baliabide Hidrikoetako zuzendari nagusi Rubén Esteban eta Energia Trantsizioko eta Klima Aldaketako zuzendari nagusi Iván Moya izan dira. Euskal Autonomia Erkidegotik, berriz, Uraren Euskal Agentziako zuzendari Ernesto Martínez de Cabredok eta Natura Ondareko eta Klima Aldaketako zuzendari Aitor Zuluetak hartu dute parte.

Topaketa horretan, bi erkidegoetan komunak diren sektoreetan klima-aldaketarako egokitzapenaren, ekonomia zirkularraren, ekodiseinuaren eta ekoberrikuntzaren inguruko baterako proiektuen garapenean lankidetzan jarduteko ekimenak partekatu dituzte.

Halaber, eskualdeek European Green Deal planaren aurrean agertuko duten jarrera komuna aztertu dute. Plan horrek zero emisioko ekonomia garbi batera eta habitat naturalaren babesera bideratutako neurriak biltzen ditu.

Bestalde, ‘Regions4’ izeneko sareari buruz hitz egin dute. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak jasangarritasunaren aldeko eskualde-sare horren iparraldeko eskualdea eta idazkaritza nagusia zuzentzen ditu. Hori dela eta, sare horrek sarea bera osatzen duten eskualde guztietan biodibertsitateari, klima-aldaketari eta garapen jasangarriari dagokienez dituen helburuak, ekintzak eta norainokoa aurkeztu ditu Ingurumeneko sailburuordeak.

Errioxako Jasangarritasun eta Trantsizio Ekologikoko sailburu José Luis Rubiok eta Euskadiko Ingurumeneko sailburuorde Elena Morenok adierazi dutenez, bi eskualdeek borondatea agertu dute ingurumen-arloan loturak estutzeko eta klima-aldaketari aurre egitera eta baliabideen erabilera eraginkorra bultzatzera bideratutako proiektuetan lankidetzan jarduten jarraitzeko.