Euskadi eta Japonia, gertuago

0
  • Urkullu Lehendakaria gaur goizean bildu da Japoniako Enbaxadore Kenji Hiramatsu-rekin 
  • Eusko Jaurlaritzak Euskadi-Japonia 2020 ekimena aurkeztu du, besteren artean aurreikusita duena uztailean Tokion Basque Week ospatzea

Japoniako Enbaxadore Kenji Hiramatsurekin bildu da gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakaria, eta Japoniaren eta Euskadiren arteko harremanei heldu diete ekonomiaren, nekazaritzako elikagaien eta kultur trukeen eremuan.

Ajuria Enea jauregian egin da bilera eta bertan izan da Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Marian Elorza, zeinak agerraldi bat egin duen ondoren Euskadi-Japonia 2020 ekimena aurkezteko enbaxadorearekin batera.

Kanpo Harremanetarako arduradunak azaldu duenez, euskal Exekutiboak 2020ko Tokioko Joko Olinpikoak aprobetxatu nahi ditu ekimen aitzindari hau martxan jartzeko, helburutzat hartuta Euskadi Basque Country markak kanpoaldean duen posizionamendua indartzea eta Japonian interesak dituzten euskal eragile guztiei babesa ematea.

Bileran, Hiramatsu enbaxadoreak Japoniaren eta Euskadiren arteko lankidetza-esparruak are gehiago areagotzea proposatu du, hiru jarduera-ardatz hauek ezarriz: (1) sektore ekonomikoa, (2) truke gastronomikoak eta (3) kultura-trukeak eta pertsonen artekoak. Halaber, aipatutako ekitaldiak antolatzen laguntzeko prest dagoela adierazi du.

Hartara, urte honetarako, Eusko Jaurlaritzak sustapen-jardueren egutegi bat definitu du, barnean hartzen dituena hogei bat jarduera sektorial Japoniako leku desberdinetan garatzeko, baita Tokion “Basque Week” ospatzea ere uztailean.

Jarduera horiek ahalik eta pertsona gehiengana heltzeko, Basque Week-ren programaren lanketari azkena ematen ari zaie. Programak parte hartzeko ekintza-multzo desberdinak jasotzen ditu, aire zabalean eta leku pribilegiatuetan. Esperientzia kulturalak, herri kiroletakoak eta sukaldaritzakoak eskainiko dira, asmotzat dutenak ikusleek aktiboki parte hartzea beren hirian, Tokion, euskal kulturaren, tradizioen eta gastronomiaren esperientzian.

Japoniako enbaxadak ere laguntzen du ekimen hontan. Hiru jarduera-ardatzetan oinarrituta, hainbat ekitaldi antolatuko dira Euskal Autonomia Erkidego osoan, honako hauek ardatz hartuta: enpresa-misioak bi norabideetan bidaltzea, startup-ak, gastronomia-azokak eta abar bultzatzea, eta abar. Aurtengo udazkenean, euskal hiri nagusietako batek ekitaldi handienak eta esanguratsuenak hartuko ditu, hala nola, jardunaldi gastronomikoak eta zinema-azokak.

Bestalde, Bilbok «Japan Weekend» jaialdia hartzen du urtero otsailean eta «Bilboko Manga Aretoa» ekainean, anime eta mangaren inguruan 10.000 lagun biltzen dira. Aurten «EUSKADI-JAPON 2020» ospatzen dela kontuan hartuta, Enbaxadak lan egingo du bi topaketa hauen magnitudea aurreko edizioetakoa baino handiagoa izan dadin.

Japonia, lehentasunezko herrialde Euskadi Basque Country 2020 Estrategian 

Gaur goizean Lehendakariaren eta Japoniako Enbaxadorearen artean izandako elkarraldia baliagarria izan da Euskadi eta Japonia batzen dituzten lotura ugariak ziurtatzeko. Hala, sendotu egingo dira bi herrialdeen arteko harremanak, kontuan izanda lehentasunezko herrialdeetako bat dela Japonia Euskadi Basque Country 2020 Estrategian.

Izan ere, harreman horiek sendotzearren bisita eta bilera ugari egin dituzte azken urte hauetan bi herrialdeen artean eragile eta arduradun politikoek, balio izan dutenak euskal turismoaren ahalmena ezagutzera emateko, eta euskal enpresei ahalbidetzeko merkatuak eta lankidetza-kanalak irekitzea sektore desberdinetan, bereziki, automozioan eta energia berriztagarrietan.

Elkarraldien artean nabarmentzekoa da 2018aren bukaeran Arantxa Tapia sailburuak Japoniara egin zuen bidaia Basque Industry 4.0 politika aurkezteko, baita 2019an Fukushima-ko eta Mie-ko Gobernadoreek egindako bisitak ere, kontuan izanda prefektura horiekin Euskadik sinatuta dituela Elkar Aditze Memorandumak zenbait eremutan; Fukushimaren kasuan, energia berriztagarrien sektorean, eta Mieren kasuan, politika industrialaren eta turismo kulturalaren sektoreetan.

Gainera, eta elikagaien sektorean, nabarmentzekoa da “Caprice” proiektua, HAZIk zuzendua, Euskadiko kalitateko produktuak Japonian sustatzeko, Basque Culinary Center-en eskutik.