Urak 11 presa txiki erretiratu ditu zati batean Astigarragako Landarbaso ibaiaren ibilguaren 360 metroko tarte batean

0

URA lanean ari da Landarbaso ibaiaren ibilguaren 360 metroko zati batean 11 presa txiki kentzeko, izen bereko zubitik behera, Astigarraga eta Donostia udalerrietan, Astigarraga eta Errenteria lotzen dituen errepidetik gertu, ingurune menditsu eta landaredi ugariko batean. Jardunak 52.000 euroko inbertsioa beharko du, eta sei asteko egikaritzea.

Gaur egun 11 ur-jauzi artifizial horien eraginpean dagoen zatia lehengoratzean datza jarduketa, ibai-ibilguan fauna aske mugitzea eragozten dutenak. Era berean, ibilguaren eta ibaiertzen arteko faunaren joan-etorri askea eragozten duten ertzei eusteko hormak ere eraitsiko dira. 11 ur-jauzi artifizial, eusteko hormak eta ibaira sartzeko eskailerak dira kendu beharrekoak: 70eko hamarkadan eraiki ziren, inguruan proiektatutako urbanizazio batetik ibairako  sarbidea errazteko, baina azkenean ez zen eraiki.

Ur-jauzi edo presa txiki batzuk erabat kenduko dira, eta beste batzuk partzialki eraitsi beharko dira, berriz ere uretako faunaren joan etorria errazteko. Eraitsi beharreko presa txikiek indusketa-maila desberdinak beharko dituzte, kokalekuaren eta ibaiaren maldaren arabera. Eraispen horiek egiteko, atagiak eraiki beharko dira (alegia, ibaiaren fluxua aldi baterako bideratzeak) ibaiaren emaria alboko hodi baten bidez desbideratzeko, makineria sartu ahal izateko eta presa txiki bakoitzean lanak egiteko. Era berean, ubidera jaisteko bi sarbide (eusteko ormak eta eskailerak) kenduko dituzte.

Tartearen eskuinaldeko ibaiertzaren zati handi bat euste-horma batek estaltzen du. Horma horren altuera, hasieran metro batekoa da, eta Landerbaso zubiaren inguruan hiru metrora iristen da. Horma horren zati bat eraitsiko da.

Horrez gain, ibai-ohea estaltzen duen plataforma bat eta 13 metroko luzerako horma bat eraistea planteatzen da, ezkerraldean, Landerbaso zubiaren ondoan. Horri esker, eremua modu garrantzitsuan lehengoratuko da eta ibaiertz natural bat sortuko da; hartara,  ibilguaren eta hurbileko lurraldearen arteko lotura berreskuratuko da espezieentzat.

Era berean, ibilguaren gaineko pasabide-egitura zahar bat eraitsi eta erauziko da: ibilgua airetik igarotzen duen hormigoizko kanalizazio zahar bat ere (baita eusteko baliatzen diren hormak ere). Ibaia lehengoratzeko jarduera horrek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa jasoko du.

Argazki gehiago: https://www.flickr.com/photos/uraagentzia/albums/72157712955289118