Brusela: Europar Batasuneko Enplegu eta Gizarte Politikako Kontseiluaren (EPSCO) prestaketa-lantaldeak gutxieneko soldata, gazteen bermea eta EBn sustatu nahi den langabezia-berrasegurua aztertu ditu

0

Europar Batasuneko Enplegu eta Gizarte Politikako Kontseiluaren (EPSCO) prestaketa-lantaldeak gutxieneko soldatari, gazteen bermeari eta Europar Batasunean sustatu nahi den langabezia-berraseguruari lotutako hainbat alderdi aztertu ditu gaur Bruselan. Halaber, gizarte-inklusioaren eta haurren babesaren inguruko hainbat gai planteatu dira. Euskadik Estatuko autonomia-erkidegoak ordezkatu ditu jardunaldian.

Gaur, otsailaren 4a, egindako bileran, 2020. urterako lan-programa eta zuzendaritza nagusien arteko lankidetzan eta zeharkakotasunean oinarritutako “Europa sozial sendoa bidezko trantsizioetarako” komunikazioa aurkeztu ditu Batzordeak.

Europar Batasuneko estatuetako eta eskualdeetako ordezkaritzek gutxieneko soldataren, gazteen bermearen eta Europar Batasunean sustatu nahi den langabezia-berraseguruaren inguruko interesa agertu dute bereziki. Halaber, gizarte-inklusioaren eta haurren babesaren inguruko hainbat gai planteatu dira.

Gainera, Europar Batasuneko ordezkaritzak LANEren “Indarkeriaren eta laneko jazarpenaren inguruko Hitzarmena” izeneko lana aurkeztu du topaketan. Herrialde gehienek horren azterketa xehatua eskatu dute. Zenbait ordezkaritzak adierazi dutenez, “aurkakotasuna ager liteke onartuz gero”. Izan ere, ikusi dutenez, “nolabaiteko nahitaezkotasuna dago Europar Batasunaren aldetik, eta Europar Batasunak ez du eskubiderik estatu kideak behartzeko”. Beste ordezkaritza batzuen ustez, “bigarren artikuluan agertzen den mugako epea oso epe laburra da”. Taldeko presidentetzak (Kroaziakoak) otsailaren 6n egingo den hurrengo bilerarako deialdia egin du.

Europar Batasuneko Enplegu, Gizarte Politika, Osasun eta Kontsumo Kontseiluaren (EPSCO Kontseilua) prestaketa-lantaldeak, Kroaziako ordezkaritza buru zela (herrialde horrek izango du EBko Kontseiluko presidentetza 2020ko lehen seihilekoan), Europako Gizarte Funts Plus izenekoaren gaiak eta laneko ongizatearen hobekuntzari buruzko ondorioak landu zituen joan den urtarrilaren 29an. Urtarrilaren 9ko topaketan, Kroaziako presidentetzaren lehentasunak aurkeztu ziren, eta, hilaren 10ean, laneko ongizatearen hobekuntzari buruzko ondorioak landu ziren. Ondorio horiek martxoaren 19ko EPSCO Kontseiluan ere aztertuko dira, eta 27 estatuetako ministerioetako buruak izango dira bertan.