Eusko Jaurlaritzak 26 proiektu babestu zituen iaz, euskal itsas ondarea babestu, hedatu eta horri balioa emateko deialdiaren bidez

0
  • Albaola Elkartea, Bilboko Itsasmuseuma, Santurtziko Udala edo Lekeitioko Udala izan dira onuradunen artean.
  • Deialdi horri esker, laguntza ekonomikoa eman da ontziak musealizatzeko, gure portuetan egurrezko ontzi txikiak konpontzeko edo ontziolak zaharberritzeko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020/02/04       

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 26 proiektu babestu zituen iaz, euskal itsas ondarea babestu, zabaldu eta horri balioa emateko diru-laguntzen bidez. Duela bi urte jarri zen martxan deialdi hori, eta guztira 131.136 euro esleitu ziren iaz, bost laguntza modalitateren bitartez. Albaola Elkarteak, Bilboko Itsasmuseumak, Santurtziko Udalak edota Lekeitioko Udalak bultzatutako zenbait proiektu daude diruz lagundu diren ekimenen artean.

 Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak 2018. urtean jarri zuen abian laguntza-deialdi hau, helburu hauekin: zurezko ontzien musealizazioa ekonomikoki laguntzea; jendeari zerbitzua emateko zurezko ontziak zaharberritzea eta armatzea; lurreko instalazioen balioa nabarmentzea (ontziolak, lonjak eta ontziralekuak); zurezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuen ordainketa laguntzea; eta, azkenik, egurrezko ontzien arloari balioa emateko ekimenak antolatzea.

 Izan ere, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik adierazi zutenez, laguntza horien bidez «itsas ondareak historian zehar izan duen aitorpen eskasa arinduko da, hein batean, oraindik geratzen dena babesteko ekimenak lagunduz». Laguntzek arreta berezia jarri dute egurrezko ontzi tradizionaletan, asko elkarteen eta norbanakoen eskuetan daudenak eta gero eta gutxiago ikusten direnak euskal portuetan. Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiaztatu zuen motorrak eta teknologia berriak, material berriak (beira-zuntza, plastikoak …) eta formak (tokikoak ez diren industriak) sartzeak sektorea aldatu eta modernizatu egin duela, elementu historiko asko galdu direlarik.

Laguntzak

Deialdiaren lehenengo modalitatearen helburua zurezko ontzietan egin beharreko lanak diruz laguntzea da, musealizatzeko asmoz. Laguntza-lerro horren bidez, bost proiektu lagundu ziren, 780 eta 24.193 euro arteko laguntzekin (guztira, 46.764 euro). Modalitate horretako hiru laguntza Albaola Elkartera bideratu dira (deialdiaren 26 diru-laguntzetatik 10 eskuratu ditu), eta maila ekonomikoan garrantzitsuena Santurtziko Udalarentzat izan da, herriko portuan bisitatu daitekeen Agurtza arrantza-ontzia txukuntzeko. Era berean, Bilboko Itsasmuseumak 17.598 euroko zuzkidura jaso du, Nuevo Anchustegui arrantza-ontzia balioan jartzeko.

Bigarren modalitatearen helburua «zurezko ontziak armatu eta prest jartzea» da, «jendeari zerbitzua emateko». Laguntza lerro horren bitartez, guztira, 39.822 euro bideratu dira beste zazpi ekimenetara, 1.650 eta 13.460 euro arteko diru-laguntzekin. Diru-laguntzen artean garrantzitsuena Pasaiako portuan zerbitzua ematen duen Itsas-Gela elkartearen ‘Mater, Itsas Ondare bizia’ proiektuarentzat izan da. Beste dir- laguntzetako bat, 8.820 eurokoa, Ozentziyo atunontzia berritzen laguntzeko balioko du, Albaola elkarteari esker.

Hirugarrenik, beste modalitateetako batek «lur instalazioak balioan jarri nahi izan ditu, ontziolak, lonjak edo portuko elementuak berrituz. Kasu honetan, onuradun bakarra egon da: Lekeitioko Udala. Isuntza hondartzaren ondoan dagoen Mendieta Ontziola berritzeko 20.650 euroko diru-laguntza jaso du.

Deialdiaren laugarren lerroa, batez ere egurrezko ontzien jabe txikiei zuzendutakoa, «zurezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak» laguntzera bideratu da. Modalitate horretara 14.854 euro bideratu dira guztira, eta 607 eta 2.727 euro arteko zortzi diru-laguntza esleitu dira. Hiru laguntza Abaola Elkartearentzat izan dira, eta beste hiru Oarsoaldea S.A.rentzat, modalitate honetako diru-laguntzarik garrantzitsuena, hala ere, Kristo Bonantzakoa txipiroiak hartzeko ontzia txukuntzeko izan da.

Azkenik, diru-laguntzen bosgarren lerroak 9.054 euro bideratu ditu, «zurezko itsas kultur ondarea balioan jartzeko ekitaldiak egitera». Kasu honetan lau diru laguntza eman dira, guztira 9.045 euroko aurrekontuarekin.