Jarduera protokoloa aktibatu da koronabirusarekin lotutako kasu susmagarri batengatik Arabako ESI-an

0

Txinara berriki bidaiatu duen emakumea da, eta, baieztapenaren zain, jarduteko protokoloa eta prebentzio neurriak jarri dituzte martxan

Osasun Sailak eta Osakidetzak lasaitasun-mezua helarazi diete euskal herritarrei, Euskadiko prebentzio-, detekzio-, jarraipen- eta jarduera-sistemen sendotasuna dela eta

 

Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak koronabirusaren aurrean jarduteko protokoloa aktibatu du, infekzio bat izan daitekeelakoan. Duela gutxi Txinatik itzuli den emakume batek arnas sintomatologia arina du, eta isolamenduan jarri dute prebentzio neurri gisa. Gaur egun, pertsona hori Arabako Unibertsitate Ospitalean dago, Txagorritxun.

Analitika Euskadiko laborategietan zein Majadahondako (Madril) erreferentziazko laborategian egingo da. Emaitzak 24-48 orduetan emango dituzte jakitera. Gainera, kasu susmagarri horren berri eman zaio Osasun Ministerioko Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari.

Osasun Saila eta Osakidetza «adi» eta etengabe harremanetan daude, kasuaren eta agerraldiaren bilakaera nazioartean jarraitzeko. Hala, pertsona hori osasun-sistemarekin harremanetan jarri den unean, profesional guztien jardunak ahalbidetu du ezarritako protokoloa behar bezala betetzea.

Osasun Sailak eta Osakidetzak egoera horren berri emango dute berriro, analisiaren emaitza jakin bezain laster. Bien bitartean, euskal herritarrei lasaitasun-mezua helarazi behar zaie, Euskadiko prebentzio-, detekzio-, jarraipen- eta jarduera-sistemak sendoak direlako.

 

Vitoria-Gsateiz, 2020ko otsailaren 3a