- Urtarrilean abenduan baino 3.487 langabe gehiago erregistratu dira
- Afiliazioak inoiz izan den urtarrilarik hoberena markatu du, krisi aurreko garaia ere gaindituz
Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuan langabe gisa erregistratutako pertsonen kopurua 117.649ra iritsi da urtarrilaren amaieran, eta, beraz, behera egin du 2019ko urtarrilarekin alderatuta (3.102 pertsona –%2,57– gutxiago urtetik urterako saldoan). Beherakada horren aldi berean, ordea, hileko datuak gora egin du. Izan ere, urtarrilean abenduan baino 3.497 langabe gehiago erregistratu dira.
Lanbideko zuzendari nagusi Borja Belandiak, Lanbideko Zerbitzu Orokorretako zuzendariarekin batera gaur goizean emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, “euskal lan-merkatua errepikatzen diren zikloen arabera mugitzen da, eta, testuinguru horretan, langabe gisa erregistratutako pertsonen kopuruak gora egin ohi du urtarrilean”. Izan ere, krisi ekonomikoaren aurretik eta krisiaren garaian, langabeen kopuruak beti egin du gora urtarrilean. Esparru horretan, 2020. urteko datua “laugarren urtarrilik onena izan da 2008. urteaz geroztik”.
“Euskal ekonomia gora egiten ari da, eta Ogasun eta Ekonomia Sailaren aurreikuspenaren arabera, 2020. urtean ere gora egingo du, erritmo txikiagoan bada ere. Horrek eragina izango du lan-merkatuan, eta, urtarrileko datu koiuntural hori gorabehera, enpleguak gora egingo du. Gure ustez, nolanahi ere, aurreko urteetan baino erritmo txikiagoan egingo du gora”, argudiatu du Belandiak, eta gogorarazi duenez, “afiliazioaren datuak, azken hilabetean behera egin badu ere, Gizarte Segurantzan kotizatzen duten pertsonen kopuruaren marka historikoa eta milioi bat pertsonako kopurua gainditzeko hurbil gaudela erakusten digu”.
Zerbitzuak eta emakumeak
2020. urteko lehen hilabetean, zerbitzuen sektoreak ekarri du langabezia-tasaren igoera, 2019ko abenduan baino 3.686 langabe gehiago baitaude sektore horretan. Lanbideko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “igoera hori Gabonetako bultzada amaitu denean gertatu da funtsean, eta gauza bera gertatzen da urtero”. Industria-sektorean, langabezia-tasak 172 pertsonako beherakada izan du azken hilabetean, eta eraikuntza-sektorean, berriz, 307 langabe gutxiago daude.
Belandiak azpimarratu duenez, “langabeziak emakumearen aurpegia izan du urtarrilean”, 3.487 langabe berrietako 3.147 emakumeak baitira (hau da, %90,2). Urtetik urterako konparazioan, ordea, langabeziaren portaera hobea
izan da emakumeen kasuan. Izan ere, emakumeen langabezia-tasak %3,75eko jaitsiera izan du, eta gizonenak, berriz, %1,01ekoa. “Gaur egun, langabeen %56,2 emakumeak dira”, adierazi du.
Gaur egun, erregistratutako pertsonen %47,8 luzaroko langabeak dira (erregistratuta urtebete baino gehiago daramatenak, 25 urtetik gorakoen kasuan, eta sei hilabete baino gehiago daramatenak, 25 urtetik beherakoan kasuan). Azken urtean, luzaroko langabe gisa erregistratutako pertsonen kopuruak %7,89ko jaitsiera izan du. Iraupen laburreko langabeziaren kasuan, berriz, %2,88ko jaitsiera gertatu da. Prestakuntzari dagokionez, Euskadiko langabeen %60,4k oinarrizko ikasketak dituzte gehienez.
“Lanbidek bereziki azpimarratu du pertsona horientzako aukerak bilatzeko eta sortzeko premia, haien egoera baita, a priori, okerrena. Prestakuntzaren eta enplegu-laguntza eta enplegu-plan espezifikoen bidez, beren tokia aurki dezaten lortu nahi dugu”, adierazi du Belandiak. Ildo horretan, “Euskal Enplegu Zerbitzuak 108 milioi euro inguru bideratuko ditu aurten enplegurako prestakuntzari lotutako ekintzetara”.
Kontratuak, estaldura eta afiliazioa
Euskadin, urtarrilean, 80.259 kontratu berri sinatu dira. Hauetatik, 7.433 mugagabeak izan dira, hau da, %9,26a. Mugagabeen portzentaia aurreko hilean baino1,8 puntu handiagoa da eta iazko urtarrilarekin alderatuz, puntu bat igo da. Gainera, epe baterako kontratuak bi puntu jaitsi dira iazko abenduarekin alderatuz. “Kontratuen kalitatean hobekuntza bat nabaritzen da, mugagabe gehiago eta partzialen beherakadarekin. Ikusiko dugu ia hau tendentzia bilakatzen den aurten”, dio Belandiak.
Gainera, 2020ko lehen hilabetean 41.544 pertsona langabe daude Euskadin langabezia-prestazioa kobratzen, aurreko hilean baino 3.247 gehiago. Orain, langabe dauden pertsonen %35,3a dauka prestazioren bat kobratzeko eskubidea. Iazko datuarekin alderatuz, estaldura maila hau 4,36 puntu igo da.
Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, urtarrilean 10.621 pertsona gutxiago daude afiliatuta, aurreko hilearekin alderatuta. Aldiz, urte bateko konparaketa eginda, 16.447 pertsona afiliatu gehiago zenbatzen dira. Guztira, 969.971 pertsona daude afiliatuta gizarte segurantzan Euskadin. Datu honekin, afiliazioak inoiz izan den urtarrilarik hoberena markatu du, krisi aurreko garaia ere gaindituz. Afiliazioak %1,72 hazi da urte bateko epean.