“Zaila da partidu batek horrelako ñabardura bereziak biltzea. Denboraldi-aurretik horrelako momentuak izateko entrenatzen eta lehiatzen zara: partida ederra da eta horrelaxe egingo diogu aurre“. Aritz Aduriz Athleticeko aurrelariak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Lezaman egindako entrenamenduaren ostean eta Athleticek eta Bartzelonak Bilbon jokatuko duten Errege Kopako final-laurdenetako konpromisoari buruz hitz egin du (ostegunean, 21:00etan). “Erronka zoragarria da. Futbolean jokatzen duzunean horrelako partidak izatearekin amets egiten duzu. Nahiago nuke San Mamesen gau ahaztezina bizi ahal izango bagenu, beti amesten duzun horietako bat“.
Kataluniako taldearen aurkako aurrekaririk gertukoena, abuztuan ligako lehenengo jardunaldian jokatu eta 1-0 amaitu zen norgehiagokari dagokio, Adurizen golarekin hain zuzen ere; “partida hau ezberdina izango da, une berezia izan zen hura, baina hau beste momentu bat da“.
Joan den igandean Getaferen aurka berragertu izanaz ere mintzatu da Aritz, “emaitza lagun izatea gustatuko litzaidake, baina nahiko ondo eta atetik gertu egon nintzen“, baita bajan egon zen bitartean izandako morala eta etorkizunari nola aurre egiten dion ere: “Mentalki ez da erraza ikustea zelaian egon nahi duzula baina ez zarela laguntzera iristen, orainarte ohituta egon ez naizen egoera da eta horregatik ere aberasgarria da. Ez da erraza sendatuko ez den lesio bat duzula jakitea, nirekin eramango dut nire kirol ibilbidea amaitu ostean ere. Lehiakorra izan nahi dut eta talde honi lagundu, bai zelai barruan bai kanpoan, benetako ekarpena egin ahal izateko“.