Barakaldoko Gazteria zerbitzuak ISO kalitate-ziurtagiria berritu du bederatzigarren urtez jarraian

0
PRUEBA
Udalak 12-35 urte bitarteko gazteentzako zerbitzu bi ditu: Giltzarri eta Gazte Bulegoa. Barakaldo da Gazteriako zerbitzu guztietan ziurtagiri hori duen inguruko hiri bakarra.

Barakaldoko Udalak berriro jaso du ISO kalitate-ziurtagiria. Kasu honetan Udaleko Gazteria Zerbitzua da, eta gazte aisialdirako bi plataforma ditu:  Giltzarri eta Gazte Bulegoa. Bederatzigarren urtez jarraian jaso du Barakaldok kudeaketaren kalitate-zigilu hori (ISO 9001:2015), «zerbitzua emateko eraginkortasunaren berme osoa, hiriko gazteek beraiek erabiltzeko pentsatua», adierazi du Barakaldoko Udaleko Gazteria Arloko zinegotzi Jonathan Martinek.

Barakaldoko Gazteria zerbitzuak sakon aztertu ondoren, Espainiako Normalizazio eta Ziurtapen Elkarteak (AENOR) bederatzigarren urtez jarraian Barakaldoko Udaleko Gazteria sailaren kudeaketa sistemaren eraginkortasuna aintzatestea erabaki du. «Guretzat albiste garrantzitsua da. Asko inplikatzen gara gure gazteei beren neurrira egindako aisialdi osasungarriko jarduerak eskaintzen, bai eta hazten ari diren bitartean sortzen zaizkien zalantzak argitzen lagun diezaieketen zerbitzuak ere», adierazi du zinegotziak. «Horregatik, zorionak eman nahi dizkiet zerbitzua osatzen duten begirale, teknikari eta gazte guztiei. Haiek gabe, eta Udal honek gazteriaren alde duen konpromisorik gabe, ezinezkoa litzateke ziurtagiri hau urtez urte berritzea «, gaineratu du.

Ziurtagiri honek gazteei bideratutako kudeaketa aintzatesten du, haien premiekiko hurbiltasuna eta arreta adierazten du, bai eta zerbitzuak etengabe hobetzeko konpromisoa ere. «Kontuan hartu behar dugu lehen ziurtagiria duela 9 urte jaso genuela, eta ordutik hona, araudiak ebaluazio-irizpide berriak txertatu dituela. Kasu honetan, 2015eko arau eguneratuak ikuspegi estrategikoagoa jasotzen du erakundearentzat, bai eta inguruneko arriskuen eta aukeren kudeaketa zorrotzagoa ere» azaldu du Martinek.

Joan den urtearen amaieran egin zen auditoretza, eta kudeaketan emaitza bikaina izan dela adierazi du, ez baita desbideratzerik jaso.

INGURUKO UDAL BAKARRA
«Ziurtagiri hori berrestea erabiltzaile gazteei lehentasuna emateko bermea da, haien interes eta behar zehatzetan zentratuta; parte-hartzearen bidez helarazten dizkiguten interes eta beharretan «, azaldu du Gazteriako zinegotziak. «Gainera, Udalak aitorpen horrekin gazteriako zerbitzuak, programak eta helburuak etengabe hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, bai eta gazteei eta haien ekimenei denbora laburrean erantzutekoa ere» azpimarratu du.

«Gaur egun, ez dago horrelako errekonozimendua duen udalerri askorik.  Izan ere, gure inguruan Barakaldo da Gazteriaren departamentuko zerbitzu guztiek ziurtagiriak dituzten udalerri bakarra.  Gazteei zuzendutako zerbitzuen aldeko apustua, egonkorra eta kalitatezkoa, gure hiriaren eta hirian egiten dugun kudeaketaren ezaugarrietako bat da» azpimarratu du Martinek.

Azken urteotan, gazteentzako topaleku berri bi ireki dira (ISZn eta Lurkitzagan) eta Gazte Bulegoaren instalazioak berritu dira eremu irisgarria eta erosoa izan dadin.

PROPOSAMENAK, NEURRIA
Gogoratu behar da Barakaldoko gazte eta nerabe guztiek har dezaketela parte udalerriko jarduerak, programak eta zerbitzuak zehazteko orduan, proposamenak, ekimenak eta jarduerak aurkeztuz esku-hartzeko taldeei dauden bide desberdinak baliatuz (bertaratuz, telefonoz edo online).

Barakaldoko Udaleko Gazteria sailak lehentasunezko bi zerbitzu garatzen ditu: gazteei informazioa, laguntza eta aholkua emateko Gazte Bulegoak eskaintzen duen zerbitzua, eta Giltzarri, nerabeen aisialdiko plataforma. Giltzarrik hezitzaile talde bat du eta 12 urtetik 18ra arteko gazteei beraiei aisia eta hezkuntza inguruko jarduerak zehazteko parte hartzeko aukera ematen die.

18-35 urte bitarteko gazteei informazioa eta laguntza emateko zerbitzuak 5.671 lagun artatu zituen iragan ikasturtean. Giltzarriko topalekuetan 7.848 lagun izan dira. Gainera, jardueretako 41 talde sortu dira, eta 451 nerabek parte hartu dute.