BILBOKO ALKATEAK HARRERA EGIN DIO JAPONIAKO ENBAXADOREARI

0
  • Aburto Alkatearen eta Hiramatsu Enbaxadorearen arteko lehenengo topaketa ofizial honetan, bi aldeen intereseko gaietan (turismoan, kultur sustapenean, gastronomian edota enpresen garapenean) lankidetzan jarduteko oinarriak finkatu dituzte.
  • Japoniako Enbaxadore batek 2013ko abuztuaz geroztik Bilboko Udaletxera egindako lehen bisita hau, japoniar ordezkari diplomatiko gorena igandeaz geroztik Euskadira egiten ari den bisita ofizialaren barruan antolatu da.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak harrera egin dio gaur goizean Udaletxean Kenji Hiramatsu Japoniako Enbaxadoreari, japoniar ordezkari diplomatiko gorena igandeaz geroztik (hilak 2) Euskadira egiten ari den bisita ofizialaren barruan.

Hiramatsu Enbaxadorearekiko gaurko topaketa, Aburto Alkatearen nazioarteko harremanen ohiko agendari atxikitakoa, japoniar ordezkari gorenak Bilboko Udaletxera 2013ko abuztuaz geroztik egindako lehen bisita ofiziala da, eta bi aldeen intereseko gaietan (turismoan, kultur sustapenean, gastronomian edota enpresen garapenean, besteak beste) lankidetzan jarduteko etorkizuneko ildoen oinarriak finkatzen lagundu du.

Kenji Hiramatsu (Osaka, 1956) zuzenbidean lizentziatu zen Kyotoko Unibertsitatean 1979ko martxoan eta, hilabete geroago, Japoniako Kanpo Arazoetarako Ministerioan lan egiten hasi zen. Bertan, erantzukizun goreneko karguak izan ditu; hala nola, Ekonomia Gaietarako Zuzendaritza Nagusi Laguntzailea, edota Latinoamerika eta Karibeko Gaietarako Zuzendaritza Nagusi Laguntzailea.

Hiramatsuren karrera diplomatikoa Asian garatu da nagusiki, Japoniako Enbaxadorea izan baita Indian lau urtez, baina horren aurretik, Washington, Londres eta Parisko japoniar enbaxadetan izan zen. Azkenik, iazko azaroan, Enbaxadore karguaz jabetu zen Japoniak Madrilen duen ordezkaritza diplomatikoan.

Euskadira egindako lehenengo bidaia ofizial honetan, Japoniako Enbaxadoreak Urkullu Lehendakariarekin batzartu eta Guggenheim Bilbao Museoa, Bridgestone, Gestamp eta BBVA enpresak eta BIC Bizkaia inkubagailua bisitatzeko aukera izan du.