Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eta Basauriko Udalak Azbarrenen 345 etxebizitza babestu eta gazteentzako 24 bizitoki eraikitzea erabaki dute

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

EAEko herritar askok zailtasun handiak dituzte etxebizitza bat lortzeko. 2019ko azken hiruhilekoko datuen arabera, etxebizitza babestu bat eskatu duten 70.000 pertsona daude Euskadin. Horietatik, 2.293k Basaurin eskatu dituzte, eta gehienek (1.798) alokairukoak. Egoera horri erantzuteko, Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak eta Basauriko alkate Asier Iragorrik Azbarren auzoan babes ofizialeko 345 etxebizitza eta 24 zuzkidura-bizitoki (gazteentzat nagusiki) eraikitzeko hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean.

Akordioari jarraiki, Basauriko Udalak lursailak ematen ditu, gehienak udal-jabetzakoak, eta Etxebizitza Sailak 24 zuzkidura-bizitokiak eraikiko ditu. Bestalde, VISESA sozietate publikoak sustapen gehienen ardura hartuko du, 265 etxebizitza, guztiak alokairurako. 40 gehiago udal-jabetzakoak izango dira, eta gainerakoak, 40, titulartasun pribatukoak.

Euskadin etxebizitzaren arloan egingo den asmorik handieneko eragiketetako bat izango da, eta auzoaren fisonomia eraldatuko du datorren hamarkadan. Horretarako, 41 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak.

Sarratu eta San Migel auzoetako jarduketak

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak Basaurin egin beharreko jarduketak ez dira Azbarren auzora mugatzen. Azken urte hauetan, Visesak 215 etxebizitza eraiki ditu Sarratu auzoan, eta beste 65 etxebizitza eraikitzen ari da bertan gaur egun. Horren bidez, adierazitako garapena amaituko da, eta 50 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da horretarako.

Gainera, Etxebizitza Sailak 34 zuzkidura-bizitoki eraikiko ditu San Migel auzoan.  Bizitoki horiek aldi baterako etxebizitza-soluzio gisa pentsatuta daude. Horregatik, okupatzaileak bost urtetan bizi ahal izango dira gehienez bizitoki horietan. Bizitoki horien ezaugarriak aproposak dira gazteen emantzipazio-premiei erantzuteko. Basauriko Udalak lau bizitoki erreserbatuko ditu Udalaren gizarte-premietarako (bazterketa-arriskuan dauden pertsonentzat, genero-indarkeriaren biktimentzat eta abar) eta Udalaren hirigintza-jarduketek eraginpean hartutako pertsonentzat. Udalerrian erroldatuta dauden gazteek lehentasuna izango dute esleipenean. Zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko aurrekontua 4 milioi eurora iritsiko da.

Etxebizitza Saila Basaurin aldi berean, baina fase desberdinetan egiten ari den jarduketen multzoa Euskadiko garrantzitsuenetako bat da, etxebizitzen kopuruagatik (603) zein Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako inbertsioagatik (ia 100 milioi euro).

Arriola sailburuak hori nabarmendu du, eta aukera baliatu du Basauriko Udalarekin izandako lankidetzari balioa emateko, eta honako hau azpimarratu du: «Udalerri batean etxebizitza eskuragarrien eskari egiaztatua dagoenean, eta lurzoru publikoak baldintza egokietan eskaintzen zaizkigunean, Basaurirekin gertatu den bezala, Etxebizitza Sailak erantzun egiten du«. Era berean, azpimarratu duenez, “Sarratu, Mendebaldeko San Migel eta Azbarreneko sustapenak batuta, 603 etxebizitza ditugu martxan Basaurin. Tamaina horrek ez du parekorik Euskadiko gainontzeko herriekin, eta bakarrik konparatu ahal da hiru hiriburuetan iraganeko garaietako jarduketa batzuekin».

Asier Iragorrik, bere aldetik, azpimarratu du, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren baterako ahaleginari esker, etxebizitza babestuak behera egin duela azken zortzi urteetan, eta azelerazio berri bat jasoko duela legegintzaldi honetan, Azbarren eta San Migel auzoetako sustapenekin. «Aurrerapena agerikoa da, gazteek ez dute joan behar, lehen bezala, Basaurin beren bizi-proiektua garatzeko, eta errenta-txikienak dituzten bizilagunak ere beren udalerrian etxebizitza bat eskuratzeko erraztasunak ematen ari zaizkie«, azpimarratu du.