Iñigo Urkullu Lehendakariak Bilboko Azkuna Zentroa bisitatu du, Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentro honen hamargarren urteurrenean

0
  • Azkuna Zentroaren hamargarren urteurrenaren esparruan izan da elkarraldia, zentroak bere 2019-2023 Proiektu Programaren bigarren urteari ekin dionean

  • Lehendakaria udal instalazioetan izan da eta Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroari lotutako artista batzuen lana ezagutzeko aukera izan du

Eusko Jaurlaritzako Lehendakari Iñigo Urkulluk gaur arratsaldean Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao ezagutzeko aukera izan du, ondokoak lagun zituela: Bilboko alkate Juan Mari Aburto; Azkuna Zentroko zuzendari Fernando Pérez; Kulturako zinegotzi Gonzalo Olabarria, eta Udaleko Gobernantzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzi Gotzone Sagardui. Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentro honen hamargarren urteurrenean izan da bisitaldia, eta zentroak bere 2019-2023 Proiektu Programaren bigarren urteari ekin dionean.

Azkuna Zentroko zuzendari Fernando Pérezekin batera bisitatu du zentroa, gertuagotik ezagutzeko bertako espazio desberdinak eta eskaintzen dituen jardueren programazio-lerroak.

Bisitaldiaren aurretik, bere jardunean, kultura lantzen eta bultzatzen jarraitzeak duen garrantzia azpimarratu du Lehendakariak. “Azkuna Zentroa aitzindaria da Bilboren eta Euskadiren erronka honetan, eszenario lokalean eta globalean”, adierazi du. Lehendakariak balioan jarri ditu herritarrekiko gertutasuna, kultur jardueraren bultzada eta nazioartekotzeko nahia, ezaugarriak guztiak kultur gune “ireki, dinamiko eta sortzaile” horrenak. “Hau, jakina, proiektu bizi eta hurbil bat da, elkargune bat, herritarrekin elkarrizketan aritzeko gaitasuna, eta eskaera eta premia berrietara egokitzeko gaitasuna erakusten ari dena”, gaineratu du.

“Lantegia. Ideien laborategia” KSIen profesionalizaziorako

Atrioan zirenei hitz batzuk zuzendu ondoren, agintariak udal instalazioetatik ibili dira eta aukera izan dute zuzenean ezagutzeko zentroari lotutako artista batzuen lana, besteren artean: Alina Aguila, artista kubatarra, orain Azkuna Zentroan egoiliar; eta Natasha Barret (UK) eta Mikel Iturregi (Sopela) artistak, Hotsetan musika esperimentaleko programakoak.

Hala, “Lantegia. Ideien laborategia” bisitatu dute, eta bertan Zentroko zuzendari Fernando Pérezek sorkuntza garaikideko gune honetan garatzen diren proiektuak azaldu ditu, baita KSIen (Kultura eta Sorkuntza Industriak) profesionalizaziorako ere.

“Lantegia. Ideien laborategia”, Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaok duen gune bat da proiektu artistikoak ekoiztu eta haiei ikusgarritasuna emateko, eta partaidetza, sormena, berrikuntza, ezagutza, irisgarritasuna eta dibertsitatea sustatzen ditu. Arteen eta Kultura eta Sorkuntza Industrien sektorearen profesionalizaziorako leku bat da, nazioarteko proiekzioarekin eta lankidetzarako, sorkuntzarako eta berrikuntzarako asmatua.

Aurreneko hilabete hauetan, Lantegian, egoitzen espazioak aktibatu dira ‒dantza garaikidea, praktika artistikoak‒ eta hilabete gutxitan komikiaren nazioarteko egoitza berria; Sra. Polaroiska eta Oscar Gómez Mata artista elkartuak; BAT espazioa, non ikusgai dagoen orain José Ramón Aísen eta Lester Álvarezen lana ‒artista egoiliarrak Azkuna Zentroan‒ eta Kultura Digitala eta Teknologia espazioa, non Iván Gómez artista ari den lanean Laborategi Digitaleko proiektu berri batean.

Ondoren Zentroko Erakusketa Aretoa bisitatu dute, eta bertan ikusi ahal izan du Lehendakariak “Steve Paxton. Drafting interior techniques”-en muntaia; Azkuna Zentroko hurrengo erakusketa izango da, dantza garaikidearen erreferente horren ingurukoa. Gainera, aurtengo erakusketa-programa ezagutu ahal izan dute, non nabarmentzekoak diren koprodukzio estatalak eta internazionalak, eta bi euskal artistaren erakusketa monografikoak, Ana Laura Aláezena eta Mabi Revueltarena.

Bisitaldi instituzionalak Mediatekan jarraitu du. Gune honek etapa berri bat hasi du XXI. mendeko liburutegi bat izateko, konektatzeko, pentsatzeko eta sortzeko leku bat izateko.

X. urteurrena

Bilboko Udalaren Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao, Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroak 2020ko maiatzaren 18an beteko du bere hamargarren urteurrena.

2010ean inauguratu zenetik, etapa desberdinak izan ditu Aisia eta Kultura Zentro bat izatetik orain den hau izateraino, non gizartea oraingo kulturarekin konektatzea eta inguruneko testuinguru kulturalari, artistikoari eta sozialari balioa gehitzea hartu dituen helburu.

Joan den urtean 2019-2023 Proiektu Programa martxan jarri ondoren, Azkuna Zentroak lanean jarraitzen du Zentroa kultura garaikidearekiko sarbiderako eta konexiorako plataforma bat izan dadin erabiltzaileentzat, bisitarientzat, artistentzat eta sortzaileentzat, kultura bultzatzeko eredu bateratu baten bitartez, lana fidelizatuz pertsonekin, artistekin eta inguruneko erakundeekin, eta publikoen eta komunitateen nitxo berriak bilatuz.