Barakaldoko hiri-udalekuek beherapenak eskainiko dituzte lehen aldiz seme edo alaba bat baino gehiagoren izena ematean

0
Nerea Cantero Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotziak gaur goizean jakinarazi duenez, Udalak izen-emate epea zabalduko du astelehenean, hilaren 17an, Aste Santuko udalekuetan parte hartzeko.

Barakaldoko hiri udalekuek abantaila berriekin hasiko dute urtea familientzat. Barakaldoko Udalak datorren astelehenean, hilak 17, irekiko ditu Aste Santuko udalekuetan parte hartzeko izen-emateak. Oraingoan ekonomia arloan berrikuntzez beteta egongo da; izan ere, lehenengo aldiz deskontuak eskainiko dira jardueran seme edo alaba bat baino gehiagoren izena ematerakoan.

Hori zen herritarrek azken urteotan egindako eskaera nagusietako bat. Egoera aztertu ondoren, udal tasak eta prezioak aldatzeko proposamena mahai gainean jarri zuen gobernu taldeak, bi anai-arreba edo gehiagoren izena ematean familiek udalekuen matrikulan beherapenak izateko. Udalbatzak oniritzia eman zion proposamen horri, eta  joan den urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean. «Tarifa hau lehen aldiz aplikatuko da, eta, batez ere, seme-alaba bakoitzeko familien diru-sarreren araberako tarte txikiagoan aplikatuko da», adierazi du Nerea Cantero Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotziak.

Aste Santuko udalekuak 2008 eta 2016 urteen artean jaiotako haurrei zuzenduta daude. 180 plaza eskaintzen dituzte Juan Ramon Jimenez, El Pilar eta Ibaibe ikastetxeen artean banatuta, apirilaren 14, 15, 16 eta 17an.

Jantoki zerbitzua, Aste Santuko aurreko udalekuetan bezala, aukerakoa izango da. Udalekuetako sarrera 08:15etik 09:00etara izango da, eta irteera, berriz, 14: 00etatik 14:15era jantokian geratzen ez direnentzat, eta bazkari zerbitzua erabiltzen dutenentzat  15:00etatik 15:15era. Udalekuak euskaraz izango dira.

Prezio eguneratuak, merkeagoak

Udalekuen prezioa gizarte-progresibitatearen kontzeptuen arabera finkatu dute, gutxien dutenek gutxiago ordain dezaten, eta ez da aldatuko jantokiarekin edo jantokirik gabe errenta txikieneko tarteen artean. Aldatu egingo da, ordea, errenta altuenentzat finkatutako prezioetan: 20,72 euro eta 36,88 euro artean jangelarik gabe, eta 24,76 euro eta 44,96 euro artean jantokia barne. «Prezioak berrikusi eta tarteka doitu dira beherantz», adierazi du Canterok.

Izena emateko epea astelehenean, otsailaren 17an, hasiko da eta hilaren 21ean amaituko da hiriko gizarte-etxeetan eta kultur etxeetan -Gurutzeta, Burtzeña, Retuerto, Zuazo eta Clara Campoamor-, Gazte Bulegoan eta Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ).

Matrikulazioa aurrez aurre egingo da. Matrikulatzeko unean, azken errenta-aitorpena erantsi beharko da tarifa murriztuetako bat eskuratzeko, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) onartuta duten edo EISE programan parte hartzen duten pertsonak izan ezik, haien datuak telematikoki egiaztatu ahal izango baitira horretarako berariazko baimena izanez gero.

Plazak zozketa bidez esleituko dira otsailaren 25ean, jasotako eskaeren artetik zenbaki bat aterata. Plazak kopuru horretatik aurrera esleituko dira txanda eta ikastetxe bakoitzean.