Europako Batzordeak estrategia bat aurkeztuko du, genero-indarkeria, independentzia ekonomikoa eta emakumeak lan-merkatuan sartzeko gaiak jorratzeko

0

Europako Batzordearen ordezkaritzak Europar Batasuneko Enplegu eta Gizarte Politikako Kontseiluaren (EPSCO) prestakuntzako lantaldeari —bertan Euskadik seihileko honetan autonomia-erkidego guztiak ordezkatuz hartzen du parte— jakinarazi dio genero-indarkeria, independentzia ekonomikoa eta emakumeak lan-merkatuan sartzeko gaiak jorratzeko estrategia bat aurkeztuko duela.

GAS Europar Batasuneko Enplegu, Gizarte Politika, Osasun eta Kontsumo Kontseiluaren (EPSCO Kontseilua) prestaketa-lantaldeak, Kroaziako ordezkaritza buru dela (herrialde horrek dauka EBko Kontseiluko presidentetza), gaur goizean, Bruselan, Europar Batasunaren, Europako Legebiltzarraren eta Europako Batzordearen (trilogoa) arteko negoziazioak burutu ditu, 2008ko maiatzean Batzordeak aurkeztu zuen Globalizaziora Egokitzeko Europako Funtsari (GEEF) buruzko Araudiaren proposamenaren, eta genero-berdintasunari eta bazterketa ezari buruzko 2020rako Europako Batzordearen lan-programaren inguruan.

GEEFaren helburua da kanporatutako langileei eta globalizazioari lotutako erronkek eragindako ezusteko handiak —adibidez, munduko merkataritzaren patroietan aldaketak, gatazka komertzialak, krisi finantzarioak edo ekonomikoak, karbono gutxiko ekonomiara iragatea edo digitalizazioaren edo automatizazioaren ondorioz erronkak— berregituratzeko garaian euren jarduerak eten dituzten norberaren konturako langileei babesa ematea. Horri loturik, Kroaziako presidentziak duela gutxi egindako trilogoaren emaitzaren berri eman du.

Hiru aldeen arteko eztabaida horietatik honako ondorio hau atera da: «2021-2027 hainbat urtetarako finantza-esparrua adostu arte, GEEFaren Araudiko proposamenaren lehen eta bigarren blokeen inguruan bakarrik negoziatu ahal izango da; eta hirugarren blokea ez da ez maila teknikoan ez maila politikoan eztabaidatuko”.

Genero-berdintasunari eta bazterketa-ezari buruzko 2020rako Europako Batzordearen lan-programari dagokionez, Batzordeak bazterketa-ezari buruz bere 2020ko lan-programan jasotako ekimenetako bi azaldu ditu: lehenak, ijitoen inklusiorako eta berdintasunerako estrategien 2020 osteko EBaren Esparru baten bidez, ijitoen kolektiboaren inklusioa hobetzea eta berdintasuna sustatuko ditu; eta bigarrena Estrategia espezifiko bat izango da, EB osoan LGTBI pertsonen berdintasuna bermatzen laguntzeko.

Genero-berdintasunari dagokionez, Batzordeak Estrategia bat aurkeztuko duela —ahal izanez gero martxoaren 8an— jakinarazi du, gaur egun emakumeek aurre egin behar dieten arazo nagusiei ekiteko. Arazo horien artean daude genero-indarkeria, independentzia ekonomikoa eta lan-merkatuan sartzea. Era berean, soldata-gardentasunari buruzko legegintza-proposamen lotesleak aurkeztuko dira.  GASek hurrengo bilera otsailaren 11n egingo du. Bertan, Estatuko autonomia-erkidegoak ordezkatuz, Euskadiko Ordezkaritzak parte hartuko du Europako Erakundeen aurrean.