Euskadin zertxobait gora egin du berriz ere gripeak, joan den astean behera egin ondoren

0

Osasun Sailak gripearen transmisioari aurrea hartzeko neurriak gogoratu ditu: eskuak garbitzea, doministiku egitean ahoa edo sudurra besaurrearekin estaltzea eta erabili eta botatzeko mukizapiak erabiltzea

 

Euskadin berriz ere zertxobait gora egin du gripearen intentsitateak, joan den astean behera egin ondoren. Urtarrilaren 27tik otsailaren 2ra arteko aldia aztertzen duen azken txostenean jaso denez, 100.000 biztanleko 306 gripe-kasu izan dira, eta aurreko astean, berriz, 100.000 biztanleko 299,8 kasu izan ziren.

Zainketa Epidemiologikoaren/Mediku Jagoleen Sareak egindako txosten horren arabera, Lehen Mailako Arretako sareak aste honetan 5.502 kontsulta artatu ditu gripe-sindromeagatik. Horrez gainera, denboraldi honetan, orain arte, 949 lagun ospitaleratu behar izan dituzte gripea zutela baieztatuta, eta horietatik 231k larritasun-irizpideak betetzen zituzten. Gripeak eragindako konplikazioen ondorioz 29 pertsona hil dira.

Gripea urtero agertzen den osasun publikoko arazoetako bat da, eta ondorio larriak ekar diezazkieke pertsonarik zaurgarrienei. Gogoan izan behar da iaz 1.662 pertsona ospitaleratu erregistratu zituztela gripea zutela baieztatuta, eta horietatik 435 larri egon zirela. Gainera, 79 pertsona hil ziren.

Joan den denboraldian, eragin handieneko unea 2019ko hirugarren astea izan zen. Orduan, 100.000 biztanleko 532,5 kasuko intzidentzia-tasa izan zen.

 

GOMENDIOAK

Sintomarik izanez gero, gripeak ez du tratamendu espezifikorik. Hortaz, atseden hartzea eta sukarra eteteko likido ugari eta antitermikoak hartzea dira gomendio nagusiak. Inoiz ez dugu antibiotikorik hartu behar gure kasa. Sukarrak irauten badu, medikuari galdetu beharko diogu.

 

Gomendagarria da, transmisioari aurrea hartzeko:

  • Eskuak sarri garbitzea urarekin eta xaboiarekin.
  • Eztul edo doministiku egitean ahoa edo sudurra estaltzea besaurrearekin edo mukizapi batekin.
  • Erabili eta botatzeko mukizapiak erabiltzea.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailak 6