- Bherria programaren formatu berriaren bidez, gure ingurunea hobetzeko proiektuak bultzatu nahi dira, Administrazio Publikoak gidatuta, herritarren ekimenekin lankidetzan. Programak erronka horri helduko dio martxoaren 12an eta 13an, Bilbon
Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 6a
Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Boluntariotzaren Euskal Kontseiluarekin batera, «Bherria Egonaldia» jarri du abian. Topaketarako eta lanerako gune bat da, Administrazio Publikoko teknikariei zuzendua, eta administrazioaren eta herritarren arteko lankidetza-proiektuak sakontzea eta hobetzea du helburu, parte-hartze sozialaren eta boluntariotzaren balioetan oinarrituta.
“Bherria programaren azken bi edizioetan, Administrazio Publikoko eta herritarren ekimenei lotutako ia 250 pertsonak parte hartu dute. Lankidetza publiko-sozialerako formula berrietan aurrera egin dugu, 2017an abian jarri genituen Agoren bidez. Urtebete geroago, Bherriaren barruko BherriLab izeneko herritarren laborategiaren bidez, espazio publikoen kudeaketa komunitarioaren erronkari aurre egin genion. Eta oraingoan, formatu berri bat aurkeztu nahi dugu, trinkoa eta bizikidetzan oinarritua, esperientziari kontzentrazioaren ekarpena egiten diona eta topaketaren harreman-ahalmena areagotuko duena”, azaldu du Eusko Jaurlaritzako Gizarte politiketako Sailburuorde Lide Amilibiak.
«Bherria Egonaldia» gunea hiru lan-ardatzen inguruan egituratuta dago: erakundeen barruko lankidetza, boluntariotza sustatzeko eta parte hartzeko prozesuak indartzeko; gizarte-erakundeen eta herritarren ekimenen arteko lankidetza, udalek dinamika horiek bultzatzera bideratutako laguntza-estrategietan arreta jarrita; eta Administrazio Publikoaren eta herritarren arteko lankidetza, gizarte-erronka berriei erantzun eraginkorragoak emateko.
Horrela, beraz, martxoaren 12an eta 13an, ‘Bherria Egonaldiak’ hainbat une formal eta informal proposatuko ditu. Une horietan, «parte-hartzaileek abian jarri dituzten proiektu zehatz batzuetan lan egingo da, pareen arteko aholkularitza eta esperientzien trukea barnean hartzen dituen lan-esparru batean aztertu eta egiaztatu ahal izan daitezen, ikuspegi zabal, aske, kritiko, eraikitzaile eta sortzaile batetik», azpimarratu du Lide Amilibia Sailburuordeak.
Bherria programa
‘Bherria Egonaldia’ proiektua Bherria programaren jarraipen gisa sortu da. Programa hori gizarte-berrikuntzako prozesu bat da, eta Euskadin parte-hartzean oinarritutako lankidetza publiko-sozialeko formula ireki eta erantzunkide berriak aztertzera eta sustatzera bideratuta dago. «Asmo handiko proiektu berritzaile honek gure ingurunea hobetzen laguntzeko garatzen ditugun estrategiei buruz hitz egiteko, kontrastatzeko eta gogoeta egiteko helburua du, herritar aktiboekin lankidetzan», gogorarazi du Lide Amilibiak.
2017an egin zen eta 70 pertsonaren parte-hartzea izan zuen lehen edizioan jasotako gako nagusiek Bherria dekalogoa ekarri zuten, hots, lankidetza publiko-sozialerako eta herritartasun aktiboa sustatzeko testu inspiratzailea. Urtebete geroago, Bherriak BherriLab izeneko formatu berria aktibatu zuen. Ekipamendu publikoen kudeaketa komunitarioaren erronkari aurre egitera bideratutako herritarren laborategi bat da, eta administrazio publikoko eta herritarren ekimenetako 170 pertsona baino gehiago biltzea lortu zuen.
Bherria izenak ‘Berria’ eta ‘Herria’ terminoetan du jatorria, eta www.bherria.eus web-plataforma du. Bertatik, informazio zabalagoa lor daiteke, eta prozesuaren beraren eta sare sozialen (Facebook eta Twitter) jardueraren jarraipena egin daiteke, elkarrizketak, kontrasteak eta gogoetak espazio digitalean jarraitu ahal izan dezaten, #Bherria hashtagaren bidez.