Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Artiumeko korporazioko kideen urteko topaketan

0
PRUEBA
  • Kultura sustatzeko orduan “elkarlan publiko-pribatuak izan dezakeen garrantzia” azpimarratu du, eta Gasteizko museoak bizi duen unea nabarmendu du

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Artiumeko korporazioko kideen urteko topaketan, gaur arratsaldean Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoan. Arabako Artium Fundazioko presidente eta Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezekin zein museoko beste agintari eta korporazio-kide batzuekin batera, Lehendakariak azpimarratu du lankidetza «publiko-pribatuaren» garrantzia kulturaren sustatzeko, eta, era berean, Artiumek egun, Beatriz Herraezen eskutik, bizi duen une interesgarria nabarmendu du.

«Artiumek erakusten digu kultura sustatzeko orduan lankidetza publiko-pribatua bide eraginkorra izan daitekeela. Eta gaurko topaketa honek zuen babesa, ekarpena eta inplikazioa eskertzeko aukera ematen dit», adierazi du kide korporatiboen aurrean. Era berean, Lehendakariak nabarmendu nahi izan du Artiumek egiten duen lana nazioarteko artisten lanak hurbildu eta azaltzeko, bai eta euskal artista garaikideen ibilbidea erakusteko ere. «Hilabete gutxi barru 18 urte beteko ditu Artiumek, eta denbora horretan bide oparoa egin du, baina onena heltzear dago. Orain, Beatriz Herraezen eskutik, proiektu bizi-bizia dakarkigu, asmo eta erronka berriekin», adierazi du.

Lehendakariak, halaber, kulturak euskal gizarteari eta Euskadiren irudi berriari egiten dion ekarpena azpimarratu du: «Kultura partekatzen dugun ondasuna da, baita elkarlanerako gunea ere. Herri jantziagoa eta aurreratuagoa eraikitzeko aukera ematen digu. Elkarbizitzarako espazioak eskaintzen dizkigu, gogoeta egiteko eta modu partekatuan hazteko. Kulturak, eta kultura- eta sormen-industriek, gero eta eragin handiagoa dute gure ekonomian, formazioan, turismoan eta enpleguan. Kulturak gure Herria eraldatzen lagundu digu, eta aukera ematen digu mundura proiektatzeko eta Euskadiren irudi berri bat eraikitzeko: Herri modernoa, irekia, berezko nortasuna duena eta abangoardia maiten duena. Artium horren adibide da”.

Bi erakusketa

Bileraren ostean, Lehendakariak, Arabako ahaldun nagusia eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera, bihar aurkeztu eta inauguratuko diren bi erakusketa berriak bisitatu ditu. Hala, Beatriz Herraez museoko zuzendariaren eskutik, Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian bisitatu du, Artium Museoaren bildumako funtsetan zentratzen dena eta euskal testuinguruan garatutako praktika artistiko eta kulturalei buruzko hausnarketa zabala planteatzen duena. Erakusketa horrek «praktika artistikoak, kultura-adierazpenak eta prozesu historikoak» lotzen ditu, eta gai hauek jorratzen ditu, besteak beste: instituzionalizazio-prozesua, artisten parte-hartzea kultura-politiken konfigurazioan, praktika artistikoen eta gizarte-mugimenduen arteko gurutzaketak, kontzientzia feminista hartzea edo tokikoaren eta globalaren arteko tentsioak XX. mendearen amaieran. Artiumetik adierazi dutenez, «orainaldiko konplexutasunaren eta aberastasunaren berri ematen duten ahotsen, moduen eta egiteko moduen batuketa bat da».

Bestalde, Gema Intxaustiren (Gernika, 1966) Entre la multitud, observando el arresto erakusketa ere bisitatu ahal izan du Lehendakariak. Erakusketa 2018ko Gure Artea sariaren irabazlearen lehen lan eskultorikoak jasotzeaz gain, azken 20 urteetan ekoitzitako piezetan zentratzen da, marrazkian, argazkigintzan eta testuan oinarrituta, zinemaren munduaren inspirazio sakonarekin.