- Bihar osteguna, otsailaren 6an, 9:00etatik aurrera, Bilbao Arenan izango da oposizioko lehenengo ariketa, ezagutza teorikoei buruzko proba bat izango dena: 100 galderako galdetegi bat, test erakoa.
- Izena emandako 1.003 pertsonen artean, 951 izan dira onartuak Suhiltzaileen Kidegoko EPErako: haietako %4,75 emakumeak dira eta %56,55 Bizkaikoak.
- 38 plaza berrien arteko 26k euskararen 2. hizkuntz eskakizuna dute.
- Informazio guztia Udalaren web orrian dago eskura: ope.bilbao.eus.
Bihar osteguna, otsailaren 6an, abiatuko da Bilboko Udalaren EPEa, suhiltzailearen 38 plaza berri betetzeko lehiaketa-oposizioaren bidezko sarbide libreko sistemaren bidez; ondoren, praktikaldi bat izango du hautaketa-prozesuak.
Goizeko 9:00etatik aurrera, izangaiek lehenengo proba egin beharko dute Bilbao Arenan: ezagutza teorikoei buruzko proba bat, hain zuzen, test motako 100 galderako galdetegi bati erantzunez.
Guztira, hasieran izena emandakoetatik, 951 izangai izango dira eskaintzen diren 38 plaza berrietarako aurkezten direnak (eskaintzen diren plazen artean, 26k euskararen hizkuntz eskakizuna dute). Onartuen artean (eskaintzen den plaza bakoitzeko 25), %4,75 (45) dira emakumeak eta izangaietako %56,55 Bizkaikoak dira (guztien arteko 538).
Lehen ariketaren emaitza, eta hari buruzko informazio guztia, Udalaren web orrian aurkitu ahalko da datozen egunetan ope.bilbao.eus.
HAUTAKETA PROZEDURA
Hautagaiak lehiaketa-oposizioaren bidezko sarrera libreko sistemaz hautatuko dira. Prozedurak hainbat fase izango ditu: oposizioa, bost ariketa izango dituena; eta lehiaketa, merezimenduak baloratzeko. Amaitzeko, praktikaldi bat.
Bost ariketa horietatik, lau nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, eta lehena test erako galdetegi bat izango da. Bigarrena, berriz, gaitasun fisikoko probak izango dira; hirugarrena, proba psikotekniko bat; eta laugarrena, gidatzeko proba bat. Atzenengo ariketa, bestalde, euskara proba izango da: nahitaezkoa eta baztertzailea izango da 2. hizkuntz eskakizuna duten plazetarako, eta borondatezkoa eta ez-baztertzailea, gainerako plazetarako.
Probak amaiturik, gainditu dituzten izangaiak lehiaketa fasean sartuko dira. Merezimenduen balorazioa, hala, oinarrietan deskribatutakoaren arabera egingo da, eta ezingo dira baloratu eskabideak aurkezteko epea amaitzerako eskuratutako merezimenduak baizik.
Ondoren, kalifikaziorik onena lortu duten izangaiek formazio-ikastaro bat egin beharko dute, bai eta praktikaldi bat ere, beren ezagutzak areagotzeko eta beren eginkizunak nola bete behar dituzten ikasteko. Fase hori Bilboko Udalak antolatuko du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin elkarlanean, eta bere xedea izango da izangaiei behar besteko formazioa eta gaitasuna ematea suhiltzaile profesional gisa beteko dituzten lanpostuetan bete behar dituzten eginkizunak eraginkortasunez betetzeko.
HISTORIA DUEN KIDEGO BAT
Gaur egun, Bilboko Suhiltzaileen Kidegoaren egiturazko plantillan 186 profesional daude, eta haien batez besteko adina 43 da; haien artean 117 karrerako funtzionarioak dira, lanpostua jabetzan dutenak; 64 bitarteko funtzionarioak dira; eta 19 daude aldi baterako eginkizunak betetzen. Guztira 200 suhiltzaile ari dira lanean Zerbitzuan.
Bilboko Suhiltzaileen Kidegoa 1884ko urtarrilaren 17an sortu zen; hala ere, lehenago du jatorria, zeren eta 1708rako eratu baitzen erakundea.. Horrela bada, 1832an Suteen Aurkako Batzorde bat sortu zen, Uriko korrejidoreak, Udalak izendatutako bi erregidorek eta Elkarren arteko Aseguruen Jabeen Batzar Nagusiak hautatutako bi pertsonak osatua. 1858an, San Jose Suhiltzaileen Sozietatea sortu zen, oraingo Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzuaren ernamuina.