Tendencias Creativas azokak edizio arrakastatsua itxi egin du 18.000 bisitari ingururekin eta 600 parpailagilerekin aldi berean ehuntzen

0
PRUEBA

Eskulanen azokan bostehun bat tailer eta ikastaro espezializatu egin dira, eta erakusketarako gune bat ezarri da, hainbat produkturekin.

Tendencias Creativas azokak atzo itxi zituen bere 14. edizioko ateak jendetza handiarekin. Aurten, guztira, 17.877 pertsona ibili dira BECeko Eskulanen azokaren korridoreetan barrena. Bertan, ehun erakusketaritik gora egon dira beraien sorkuntzak erakusten eta publikoari sormena askatzeko materialak eskaintzen. Aldi berean, bisitariek teknika berriak ikasi eta lehengoak hobetu ahal izan dituzte, azokaren lau egunetan zehar egin diren 450 tailer eta ikastaro baino gehiagori esker, bai prestakuntzarentzat gordetako eremuan, bai erakusketarien standetan. Horrekin batera, erakusketa-gunean, besteak beste, Gueñesko Paperezko Soinekoen Nazioarteko Lehiaketako parte-hartzaile batzuk egon dira; patchwork teknika ezberdinekin egindako ohazal hautaketa batekin: patroi geometrikoa, paper piecing, stargello…, edo Ekialdean inspiratutako quilt-ak, Merueloko (Kantabria) Emakumeen Elkarteko ikasleek eginak.

Tendencias Creativas publiko guztietara irekita dagoen azoka bat da; ohikoa izan da familiak postuetan zehar pasieran ikustea, gustu eta adin guztietarako eskaintza egon baita. Helduek, adibidez, patchwork teknika ezberdinak, akuarelak erabiltzen, bitxiak egiten edo bonsaiak zaintzen ikasi dute. Gazteenak sublimazioaren mundura hurbildu ahal izan dira, zeina inprimatutako irudiak arropetara eramateko teknika bat den. Eta txikienek, besteak beste, pastelak apaintzeko edo landare haragijaleak fomi material moldagarriarekin egiteko aukera izan dute.

Baina, gainera, Tendencias Creativas azokak arduratsu gisa identifikatzen du bere burua, jasangarritasunerako eta materialen berrerabilpenerako erakusleiho bat baita, aisialdi konstruktiboaren slow maker kontzeptuaren barruan. Ildo honetan, lan batzuen lehengaia landare-zuntzak edo zuntz naturalak izan dira, hala nola, kalamua, osin edo zeta, ehotzeko eta brodatzeko. Zenbait postutan tagua ere erabili dute, landare-boli gisa ezagutzen dena, irudiak zizelkatzeko edo bitxiak sortzeko.  Arrakasta handia izan duten publikoaren artean.

“Benetan pozik gaude Tendencias Creativas azokako presentziarekin. Etorri garen lehen aldia izan da eta, aitortu beharra daukat, zer gertatuko zen ez nekiela nengoen. Hala ere, esperientzia zoragarria izan da eta jendeari asko gustatu zaizkio gure taguazko produktuak”, baieztatu zuen Jenny Gaonak, Genovan bizi den ekuadortarrak.

Ehunka erakusketarien jatorria askotarikoa izan da. Estatu mailan, besteak beste, Gaztela-Mantxa, Valentziako Erkidegoa, Andaluzia, Katalunia, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko standak egon dira. Hauez gain, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Txile, Ekuador eta Portugalgo erakusketariak izan dira. Hain zuzen ere, atzerriko presentzia honi esker, azokak 2020rako Nazioartekotasun Osoaren adierazpena lortu du Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren eskutik.

600 PARPAILAGILE ALDI BEREAN EHUNTZEN

Igande goizetan, Tendencias Creativas azokak espazio bat gordetzen du ehoziri-lanak egiteko, gure nagusiek maiz erabiltzen zuten teknika, hain zuzen ere, eta  azokako jarduera izarra bilakatu dena. Aurten, seigarren edizio honetako parpailagile gonbidatua Aída Pau izan da. Aída Baix Penedèsetik etorri zen bere lana erakusteko; munduan bakarra den teknikarekin eginikoa da, 1.500 eta 2.000 ehoziri artean erabiltzen baititu.

600 pertsona egon ziren hitzorduan, bakoitza bere parpailak ehuntzen. Jendea penintsulako puntu ezberdinetatik etorri zen: Balmaseda, Bartzelona, Alacant, Valentzia, Kantabria, Zaragoza, Medina de Pomar… Guztiak, emakume nahiz gizonak, elkarrekin hitz egiten egon ziren lan egiten zuten bitartean. Horien artean 83 urteko Victoria zegoen eta ehoziri-lanek gaztarora eraman dute.

“14 urte nituela hasi nintzen ehuntzen nire herrian, Jaenen. Ia ahaztua nuen, baina beti nuen buruan berriz ehuntzen hasteko kontu hori, oso gustuko dut eta. Duela 8 urte Sestaon ehoziri-talde bat zegoela jakin nuen eta izena eman nuen. Oraindik nire lehen ehoziriekin gogoratzen naiz… Aitak egin zizkidan olibondo-adarrekin”, azaldu zuen.

Tendencias Creativas 2020k atzo itxi zituen ateak, baina Tendencias Creativas 2021 jada hasi da programa oso bat sortzeko prestatzen, zeinak azoka honen hiru gakoak batuko dituen: aurkitzea, ikastea eta gozatzea