670 PERTSONAK PARTE HARTU DUTE GUZTIRA 38 SUHILTZAILE-LANPOSTU BETETZEA XEDE DUEN BILBOKO UDALAREN ENPLEGU ESKAINTZA PUBLIKOAREN LEHEN PROBAN

0
PRUEBA

Bilbao Arenan egin da gaur goizean oposizioaren lehenengo ariketa, ezaguera teorikoei buruzko test moduko 100 galderaz osatutako galdetegia.

38 plaza berrien arteko 26k euskararen 2. hizkuntz eskakizuna dute.

Informazio guztia Udalaren web orrian dago eskura: ope.bilbao.eus.

Bilbao Arenan egin da gaur goizean, 09:00etan hasita, 38 suhiltzaile-lanpostu berri lehiaketa-oposizio bidezko sarbide libreko sistemaren bitartez betetzeko Bilboko Udalak deitu duen Lan Eskaintza Publikoaren lehenengo ariketa. Aurreneko proba hau ezaguera teorikoei buruzko test moduko 100 galderaz osatutako galdetegia zen, eta 670 pertsonak egin dute.

Kopuru honek eskaintzari atxikitako 38 lanpostu berrietarako (26 lanpostuk euskararen hizkuntza-eskakizuna dute) onartutako 951 izangaien % 70,45 biltzen du. Onartuen artean (eskaintzen den plaza bakoitzeko 25), %4,75 (45) dira emakumeak eta izangaietako %56,55 Bizkaikoak dira (guztien arteko 538).

Lehen ariketa honen emaitza, eta hari buruzko informazio guztia, Udalaren web orrian aurkitu ahalko da datozen egunetan ope.bilbao.eus.

HAUTAKETA PROZEDURA

Hautagaiak lehiaketa-oposizioaren bidezko sarrera libreko sistemaz hautatuko dira. Aste honetan hasitako prozedurak hainbat fase izango ditu: oposizioa, bost ariketa izango dituena; eta lehiaketa, merezimenduak baloratzeko. Amaitzeko, praktikaldi bat.

Bost ariketa horietatik, lau nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, eta lehena test erako galdetegi bat izango da. Bigarrena, berriz, gaitasun fisikoko probak izango dira; hirugarrena, proba psikotekniko bat; eta laugarrena, gidatzeko proba bat. Atzenengo ariketa, bestalde, euskara proba izango da: nahitaezkoa eta baztertzailea izango da 2. hizkuntz eskakizuna duten plazetarako, eta borondatezkoa eta ez-baztertzailea, gainerako plazetarako.

Probak amaiturik, gainditu dituzten izangaiak lehiaketa fasean sartuko dira. Merezimenduen balorazioa, hala, oinarrietan deskribatutakoaren arabera egingo da, eta ezingo dira baloratu eskabideak aurkezteko epea amaitzerako eskuratutako merezimenduak baizik.

Ondoren, kalifikaziorik onena lortu duten izangaiek formazio-ikastaro bat egin beharko dute, bai eta praktikaldi bat ere, beren ezagutzak areagotzeko eta beren eginkizunak nola bete behar dituzten ikasteko. Fase hori Bilboko Udalak antolatuko du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin elkarlanean, eta bere xedea izango da izangaiei behar besteko formazioa eta gaitasuna ematea suhiltzaile profesional gisa beteko dituzten lanpostuetan bete behar dituzten eginkizunak eraginkortasunez betetzeko.

HISTORIA DUEN KIDEGO BAT

Gaur egun, Bilboko Suhiltzaileen Kidegoaren egiturazko plantillan 186 profesional daude, eta haien batez besteko adina 43 da; haien artean 117 karrerako funtzionarioak dira, lanpostua jabetzan dutenak; 64 bitarteko funtzionarioak dira; eta 19 daude aldi baterako eginkizunak betetzen. Guztira 200 suhiltzaile ari dira lanean Zerbitzuan.

Bilboko Suhiltzaileen Kidegoa 1884ko urtarrilaren 17an sortu zen; hala ere, lehenago du jatorria, zeren eta 1708rako eratu baitzen erakundea.. Horrela bada, 1832an Suteen Aurkako Batzorde bat sortu zen, Uriko korrejidoreak, Udalak izendatutako bi erregidorek eta Elkarren arteko Aseguruen Jabeen Batzar Nagusiak hautatutako bi pertsonak osatua. 1858an, San Jose Suhiltzaileen Sozietatea sortu zen, oraingo Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzuaren ernamuina.