“Honelako gauek gure filosofia indartzen dute. Gero eta zailagoa da talde horien aurka lehiatzea, baina harrotasun handia dugu, eutsi egin diogu eta irabazi egin dugu”. Oso pozik eta “harro” agertu da Gaizka Garitano bere jokalariek egindako ahaleginagatik eta Athletic Clubek Kopako finalerdietarako txartela lortu duelako, Bartzelona gaindituta.
Entrenatzaile zurigorriak bere taldeak erakutsitako fedea azpimarratu du: “Taldearen lana izugarria izan da. Egia da tarte bat egon dela, bigarren zatian, haiek nagusi izan direla, futbolari bikainak baitdituzte. Baina ez gara erraz amore ematen duen taldea, eta bukaera arte jarraitu dugu. Behin eta berriz erreakzionatu dugu eta beti erakusten dugu ez garela talde erraza. Azken hiru partidetan Barçak ez digu golik sartu, eta hori defentsan lan ona egin dugulako da”.
Biharko zozketari dagokionez, Garitanok nahiago izan du kataluniarren aurkako garaipena dastatu eta bihar (13: 00etan) Real Sociedad, Granada eta Mirandesen bolekin gertatuko denaren zain egon: “Faboritoak? Beno, hasieratik Koparen bila joan gara eta oraingoz garaipen honetaz gozatzera goaz, Barçari ez zaiolako egunero irabazten. Egokitzen zaigun edozein izango da zaila”.