Ia 6.000 pertsonak eman dute izena Ertzaintzako 700 plaza eta udaltzaingoetako 111 plaza betetzeko

0

Lehenengo sarbide-probak martxoaren 14an, larunbatean, egingo dira Bilbao Exhibition Centerren

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailak 7.

Guztira 5.989 pertsonak eman dute izena Ertzaintzaren 29. Promozioko 700 plaza eta Euskadiko 26 udalerritako udaltzaingoetako 111 plaza betetzeko hautaketa-prozesuan parte hartzeko. Izena emateko epea urtarrilaren 9an ireki zen, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, eta joan den asteazken gauerdian itxi zen. Lehenengo azterketak martxoaren 14an, larunbatean, egingo dira Bilbao Exhibition Centerren.

Guztira 5.989 pertsonak eman dute hurrengo hautaketa-prozesuan parte hartzeko izena, eta 1994tik izandako kopururik handiena da, beraz. Urte hartan 7.530 pertsonak bete zuten Ertzaintzaren 15. Promoziora aurkezteko eskaera.

Aurten izena eman duten 5.989 pertsona horietatik 4.353 gizonezkoak dira (% 72,6) eta 1.636 emakumezkoak (% 27,3), eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren deialdi batera emakume gehien aurkeztu den deialdia da, beraz. Orain arte izena emanda emakume gehien izan zituen deialdia 24. Promozioarena izan zen, eta kasu hartan 1.416 emakumek eman zuten izena.

Lurraldeen arabera

Deialdi honetako eskaera gehienak Bizkaitik bete dira (% 57,58), ondoren Gipuzkoatik (% 20,20) eta, azkenik, Arabatik (% 12,37). Beste % 2,3 Nafarroatik egin dituzte, eta gainerakoa beste lurralde batzuetatik.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketa onartu zenetik egin den lehenengo deialdia da, bai eta Batxilergoko titulua edo kidekoa, edo goragoko beste edozein, izatea eskatzen den lehenbiziko aldia ere.

 

Izena eman dutenen % 45 LH2ko Goi-mailako teknikariak dira, edo LH2ko beste titulazio batzuk dituztenak; % 29,37k Batxilergoa dute, % 13,55ek Gradu bat, % 6,2k lizentziatura bat eta % 5,7k diplomatura bat edo ingeniaritza edo arkitektura teknikoa.

 

Deialdi honetan eskatzen diren betekizunak honakoak dira, besteak beste: nazionalitate espainiarra izatea; 18 urte beteta eta 38 urte bete gabe izatea; gizonek gutxienez 1,65 metroko garaiera izatea eta emakumeek 1,60koa.

 

Derrigorrezkoak eta baztertzaileak izango diren lehenengo hautaprobak martxoaren 14an, larunbatean, egingo dira Bilbao Exhibition Centerren, eta ezagutzak ebaluatzeko test erako azterketa bat, psikotekniko bat eta nortasun-testa

 

Lehenengo fase hori gainditzen dutenek beste bi proba, derrigorezkoak eta baztertzaileak, gainditu beharko dituzte: gaitasun fisikoak neurtzekoa eta elkarrizketa pertsonala. Ondoren, merezimenduen balorazioa egingo da.

 

Azkenik, oinarrizko formakuntza-ikastaroa egingo dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Ikastaro hori uda ondoren hastea aurreikusten da.

 

Gogora ekarri behar da, eskainitako 700 ertzain-plaza horietatik 450ek derrigortasun-data beteta dutela.