Itsas Ingurumena Erasmus Mundus Masterraren 14. edizioa abian da EHUn

0
PRUEBA

tsas Ingurumen Erasmus Mundus Masterraren 14. edizioa abiatu da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Otsailaren 3an Donostiako Aquariumean hasi zen graduondokoa. Eta Ikerketa Itsas Ingurumen eta Baliabideetan (Research in Marine Environment and Resources – RiMER 2020) graduondoko nazioarteko ikastaroaren lehen modulua da abiatu dena. RiMER 2020 ikastaroa UPV/EHU, AZTI-Tecnalia eta Gipuzkoako Fundazio Ozeanografikoaren arteko lankidetzaren emaitza da.

RiMER 2020 ikastaroan parte hartzen duten 43 ikasleak munduko txoko desberdinetatik datoz. Bost egunetan zehar 18 zientzialari eta ikerlari ospetsuk ikasle horien jakin-mina kitzikatuko dute egungo aztergai interesgarriak ardatz harturik; besteak beste, klimaren iragana, oraina eta geroa, klima aldaketaren kudeaketa, eta arrantzu kudeaketa jasangarria eta kostaldeko baliabideen kudeaketa klima aldakorraren testuinguruan, hain zuzen. Ostiraleko saioan UPV/EHUko INGURUDOK mintegia burutuko da. Bertan, UPV/EHUko 12 doktoregaik euren doktorego tesien proiektuak aurkeztuko dituzte, RiMER 2020-ko ikasleei arlo honetan MER (Master Erasmus Mundus) partzuergoaren esparruan egindako azken ikerketen ikuspegia erakutsiz.

RiMER 2020 osatzeko bigarren modulu bat ere egingo da, ekainaren 18tik 26ra bitartean. UPV/EHUk koordinatzen duen Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus Masterraren (www.merconsortium.eu) egoitza den Plentziako itsas Estazioan, hain zuzen. Bigarren modulu horrek, batetik, itsas zientzialari emakumeei buruzko jardunaldia hartuko du, eta bestetik, itsas zientzien arloko irtenbide profesionalei buruzko jardunaldi bat.

Klaseetan jorratuko den gai nagusia UNESCOren Ozeanoen Hamarkada (2021-2030) izango da, hala, XXI. mendeko ozeanoen osasunak dituen mehatxuak eta itsas bioteknologiaren aukera berriak aztertuko dira. Mundu osotik etorritako 20 irakasle gonbidaturen ekarpena izango dute klaseek.

Erasmus Mundus Masterra Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentaletarako Ikerketa Zentruan  (Plentziako Itsas Estazioa; PiE-UPV/EHU)

Otsailaren 10etik aurrera, ikasleek ikasketak jarraituko dituzte eta 2021 bukaeran Southampton, Bordele eta Liejako unibertsitateetako eta UPV/EHUko titulu ofiziala jasoko dute. Erasmus Mundus europar marka duen Master Titulua, hain zuzen.

Ikasketak irailean hasi ziren Bordelen eta Southampton, eta bertan ozeanografia eta itsas ingurumenari buruzko formakuntza orokorreko lehen seihilekoa gainditu dute ikasleek. Orain UPV/EHUra etorri dira eta uztaila bitartean gai espezifikoagoak jorratuko dituzte, biologiari lotuak gehien bat, bai PiE-UPV/EHUn, bai Zientzia eta Teknologia Fakultatean, bai AZTI-Tecnalian ere. Horrela, masterraren hirugarren seihilekoan zehar Southamptonen edo Liejan espezializazio ikasketak jarraitzeko prestakuntza jasoko dute.

Geroago, euren berezko ikerlana burutu beharko dute 5-6 hilabeteetan zehar, munduko edozein tokotan, MER partzuergoko irakasleen zein partzuergoarekin lankidetza hitzarmenak dituzten  mundu osoko erakundeetako bikaintasunezko ikerlarien zuzendaritza pean.

Bere hastapenetatik, 2006an, Erasmus+ master hori 60 herrialdetako 370 ikaslek baino gehiagok egin dute dagoeneko.