Jarraipena izango du “ANIZTASUNAREN KUDEAKETA UROLA KOSTAN” ekimenak

0

Azken urteotan testuinguru ekonomiko eta sozialean izan diren aldaketen eraginez, inoiz baino aniztasun handiagoa dago enpresetan. Jatorri, ezagutza eta motibazio desberdinetako pertsonak biltzen dira gaur egungo enpresetan; ondorioz, kudeaketa-mekanismo tradizionalak jadanik ez dira eraginkorrak. Eta, aldi berean, desberdintasun horiek eraginkorragoak eta berritzaileagoak izateko aukera berriak sortzen dizkiete erakundeei.

Urola Kostako Udal Elkarteak 2018an abiatu zuen eskualdeko enpresa eta erakundeei bideratutako ekimena. Aniztasunaren kudeaketa eraginkorra eskualdearen garapenerako faktore erabakigarrienetako bat izango dela ulertuta, Udal Elkartetik jarraipena eman nahi zaio ”Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan” ekimenari.

ELKAR-ANITZ topagunea

Orain arte, eskualdeko 6 enpresek hartu dute parte ekimenean. 2020ra begira, gonbidapena luzatu nahi zaie,  Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa guztiei, jarduera eta tamaina edozein dela ere, ELKAR-ANITZ izeneko eskualdeko mahai iraunkorren parte hartu dezaten.

Funtsean, esperientziak partekatzeko topagune gisara eratu da mahaia: esperientziak partekatuz, enpresa eta erakundeek izan ditzaketen erronkei erantzun bateratuak garatzeko asmoz.

“Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan” egitasmoaren bidez, enpresa arduradunengan eragin nahi da; jabetu daitezen, aniztasuna egoki kudeatuz gero, enpresei aukera berriak irekitzen zaizkiela.

Esku-hartze zuzena: diagnostikoa eta neurrirako planak

Ekimenaren azken helburua da enpresei aniztasuna ondo kudeatzeko tresnak ematea, aniztasunak enpresetako lan-taldeei sortzen dizkien erronkei aurre egiten laguntzeko. Gaiari buruzko aholkularitza jasotzeaz gain, partehartzaileek aniztasunaren alorrean lehen urratsak ematen hasteko aukera izango dute:

  • Diagnostikoa enpresa eta erakundeetan: aniztasunari dagokionez, lantaldeen barne-egoera baloratuko da.
  • Neurrirako plan ereduak: Ekintza planak definitu eta ezartzeko jarraibideak zehaztuko dira.

Ekintza plan eredu bat lantzearekin batera, enpresa bakoitzaren errealitatera egokitutako ekintza-plana definitu eta horren ezarpena egingo da.

Argibideak eta izen-ematea

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Urola Kostako Udal Elkartea

Idoia Etxarri, Eli Uzkudun

  • Tel. 943 890808
  • enpresa@urolakosta.eus