Víctor Urrutiaren ‘Memoria de silencios’ poema liburuak Poesia Editoreen Elkartearen saria jaso du

0
PRUEBA

Victor Urrutiak, UPV/EHUko soziologo ospetsuak eta administrazio publikoan eta unibertsitatean hainbat ardura izan zituenak, ekoizpen poetiko bizi eta emankorra ezagutarazi zuen bere bizitzako azken urteetan. Hil ondoren argitaratutako ‘Memoria de silencios’ (Ediciones Vitruvio, 2019) poema liburuak Poesia Editoreen Elkartearen saria jaso berri du, literatur genero horren barruan ospe handia duena. Azken urteotan, Luis Alberto de Cuenca eta Francisca Aguirre egile garrantzitsuek lortu dute, besteak beste, aipatutako saria.

Victor Urrutia (1945-2017) Andosillan (Nafarroa) jaio zen, baina bizitza profesionala Bizkaian garatu zuen. Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea, eta Master of Arts New Yorkeko New School for Social Research-en, Soziologiako katedraduna ere izan zen, eta UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean jardun zen irakasten eta ikertzen. Hiri soziologiarekin lotutako ikasketetan espezializatu zen, harik eta diziplina horren barruan erreferentzia akademiko garrantzitsua bihurtu arte. Haren bizitzan bere gain hartu zituen erantzukizun publikoez gain (Espainiako Gobernuko Erlijio Gaietarako zuzendari nagusia, izendapen autonomikoko senataria, Euskal Estatistika Erakundeko zuzendari nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko zuzendaria), UPV/EHUko Irakasleen errektoreordea ere izan zen 2000tik 2004ra bitartean. 2016ko uztailean, Espainiako Soziologia Federazioak haren ibilbide akademikoa onartu zuen, eta aukeratutako Ohorezko Kideen nominan sartu zuen.

Ekoizpen zientifiko zabalaz gain, 2017an bere lehen poema liburua argitaratu zuen: ‘El libro de los días’ (Vitruvio argitaletxea). Bi urte geroago, hil ondoren, argitaletxe berak argitaratu zituen, ‘Memoria de silencios’ izenburupean, argitaratu gabe utzi zituen poemak, eta orain, lehenago adierazi bezala, poema liburu horrek jaso du saria.