BILBOKO UDALAK BERDINTASUNAREN ORDENANTZA BERRIAREN 2.500 ALE ARGITARATU ETA BANATU DITU UDALAREN SAIL ETA SOZIETATEEN ARTEAN

0
  • Ordenantzaren argitalpena Udalaren sailetako eta sozietateetako zinegotzi, zuzendari eta langileen artean banatu da, haren aplikazio-eremu dira-eta udala bera eta beraren mendeko organismoak ez ezik, entitate pribatuak ere, kontratuak edo hitzarmenak sinatzen badituzte edo dirulaguntzen onuradun badira.
  • Bilboko Udalak ematen duen era honetako lehenengo araudia da, eta xedea du desberdintasun eta diskriminazio sozialak eta generozkoak eragiten eta berreragiten dituzten egiturak kentzea, eta urian gertatzen den emakumeen kontrako indarkeriaren kausak eta ondorioak ezabatzea.

Bilboko Udalak Berdintasunaren Udal Ordenantza berriaren 2.500 ale argitaratu eta banatu ditu; Udalak bere buruari eman dion era honetako lehenengo araudia da. Ordenantza berriaren helburu nagusiak dira, alde batetik, diskriminazio eta desberdintasun sozial eta generozkoak eragiten eta berreragiten dituzten egiturak kentzea, eta, bestetik, Urian emakumearen kontra gertatzen den indarkeriaren kausak eta ondorioak ezabatzea.

Formatua aise erabiltzekoa da, eta banaketa dagoeneko hasi da Udalaren sail eta sozietateetako zinegotzi, zuzendari eta langileen artean. Ordenantza Udalean eta haren menpeko organismoetan aplikatuko da, bai eta kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak sinatzen dituzten edo laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate pribatuetan ere; horra zergatik banatu diren horrenbeste ale. Era berean, haren bertsio digitala Udalaren web orrian egongo da eskura, agiria ezagutu nahi duten interesdun guztientzat.

Araudi horren helburua hirukoitza da: lehenik, Bilboko Udalaren eta haren mendeko entitateen jardunean emakumeen eta gizakumeen arteko berdintasunaren arloan nagusi izan behar duten printzipioak ezartzea. Bigarrenik, neurri batzuk arautzea Bilboko Udalaren jardun-eremu guztietarako, emakume guztien eskubideak osoki baliatzeko behar diren baldintzak sustatzearren eta bermatzearren, betiere dibertsitatea eta desberdintasuna errespetatzen direlarik. Eta, hirugarrenik, emakume guztien boteretzea sustatzea, eta haien posizio sozial, politiko, ekonomikoa eta kulturazkoa sendotzea, emakumeen kontrako diskriminazio modu oro ezabatuz, haien eskubideen erabilera egitezko eta egiazkoa bermatzearren.

EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNERAKO UDAL UNITATEAK

Udal ordenantza berriak dakartzan berrikuntzen artean nabarmentzekoa da Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Udal Unitateak sortu beharra, gai horretako gaikuntza espezifikoa edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan esperientzia duten teknikariekin. Helburua da Udalaren sail edo entitate bakoitzak berdintasunerako programak gauzatzeko duen gaitasuna indartzea, eta, hala, unitate horiek beren gain hartuko dute, zeinek bere sailean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak bultzatu eta koordinatzea.

Era berean, estrategia berri bat sartzen du, Udalean zeharkakotasuna hobetzeko, helburu horrekin berarekin. Hori gauzatzeko, egitura politiko eta teknikoak sortuko dira, udal sail eta entitate guztien inplikazioarekin eta ordezkaritzarekin. Hauek dira egitura horiek:

  • Bilboko udalaren jarduna koordinatzeko eta jagoteko sailen arteko Batzordea
  • Emakumeen eta gizonen arteko laneko berdintasunerako Batzordea
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planak jagoteko Batzorde Misto Politikoa
  • Azkenik, eta herritarrekin, hau da, Bilboko emakumeen elkarteekin eta elkarte feministekin izan beharreko solaskidetzari dagokionez, parte hartzeko egitura malgu bat prestatuko da haiekin harremanetan jartzeko eta hitz egiteko.

Ordenantza berri honetan, bestalde, genero-ikuspegia Udalaren eta hari lotutako entitateen jardueran behatzeko neurri administratiboak aurreikusten dira. Neurri horien artean daude emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako udal plan bat garatzea; sexuaren aldagaia estatistiketan, inkestetan, erregistroetan eta datu-bilaketetan sartzea modu sistematikoan; generoak ordenantzetan, plan estrategikoetan eta administrazioko egintza orokorretan daukan eragina aldez aurretik ebaluatzea; emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruko gaikuntza; eta generoaren ikuspegia sartzea kontratazio publikoan eta diru-laguntza publikoetan.

Bilboko Udalak 2018ko azaroaren 29an onetsi zuen ordenantza hau, Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunari buruz lehena Urian.