BILBON ARATUSTE GIROA ZABALTZEN HASI DA, ANE LINDANE ETA JOSELU ANGULO 2020KO FAROLIN ETA ZARANBOLAS IZENDATUTA

0
  • Jai Batzorde Mistoa da urteroko hautaketa honen arduraduna, eta Bilboko Udaleko, Bilboko Konpartsetako, Feekor elkarteko eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteko ordezkariek parte hartzen dute batzorde horretan.
  • Bilboko Aratusteak prestatzen ari dira, jaia, tradizioa eta herritarren parte hartzea eskaintzeko otsailaren 22tik 25era, Bilboko uriko txoko eta auzo guztietara iritsiko delarik haien oihartzuna.
  • Farolin eta Zaranbolasen arteko epaiketa jai ospakizun bat da, 1984an sortua, usadioko eta baserri giroko aratusteetako elementurik esanguratsuenetako bat sartzeko ospakizunetan, alegia, urtero-urtero «gaiztoak» epaitzen zirenekoa.

Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizkidetza eta Jaietako Saileko zinegotziak eta Bilboko Konpartsen ordezkariek gaur goizean aurkeztu dituzte Bilboko Aratusteetako Farolin eta Zaranbolas pertsonaia kuttunak irudikatzeko Jaien Batzorde Mistoak hautatako pertsonak, hain zuzen, Ane Lindane aktorea eta Joselu Angulo txistularia. «Bikoteak» hedabideekiko topaketa baliatu du jakitera emateko nola hartu duten esperientzia hau, zeinaren goreneko unea otsailaren 21a izango baita, 19:00etan, itxarondako unea, Farolin eta Zaranbolas atxilotu eta epaituko dituztenekoa.

Ane Lindane aktorea (Ane Miren Hernandez) eta Joselu Angulo txistularia izan dira hautatuak, hurrenez hurren, Farolín eta Zarambolas izateko Bilboko Aratusteen 2020ko edizioan. Aire berria ekarriko diote, dudarik gabe, hiriburuko urteko jairik ausartenari, zeina 22tik 25era ospatuko baita Bilboko Uriko zoko eta auzo guztietan. Bilboko Udalak egitarau oparo bat prestatu du, umeentzako, familientzako eta helduentzako jarduerez betea…, era guztietako jendearentzat, eta euskarak ere leku nabarmena izango duelarik.

Jai Batzorde Mistoaren egitekoa da Bilboko Aratusteetako pertsonaiarik ospetsuenak aukeratzea: Farolín eta Zarambolas. Batzorde horretan, Bilboko Udaleko, Bilboko Konpartsetako, Feekor elkarteko eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteko ordezkariek parte hartzen dute.

FAROLIN, BOTXOTAR OSO DOTORE BAT

Farolín esparru publiko edo profesionalean izena lortu duen bilbotarra da – ez du zertan Bilbon jaiotakoa izan-, Bilboren izena ahotan erabili eta bilbotarra izatea nabarmentzen duen pertsonaia da, eta “Semper Plus Ultra” leloak (Beti haratago) laburbildu dezake bere ustea.

Dudarik gabe, Ane Lindane bilbotar sortzaileak ezin hobeto antzeztuko du Farolin aurten, alde guztietatik umorea dariola, Farolin onari dagokion legez. Hala izango da, ikusirik nola dibertiarazten dituen ezin konta ahala jende bere bakarrizketekin, han eta hemen ematen dituen ikuskizunetan. Esperientzia luzea du irrati esatari moduan, eta, hala ere, ez da hori eragozpen izan, baizik eta akuilu, aktore, argazkilari eta film laburren zuzendari bihurturik bidea egiteko. Tira, «festazale amorratua» berak hala aitortuta.

ZARAMBOLAS, INBIDIA IZATEKO MODUKO «GIBEL-HANDI» BAT

Zarambolas gibel-handi bat da, Bilboko hiritar tipikoa, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez diona. Ondo bizitzea atsegin duena, Carpe Diemek laburbiltzen du bere bizi-lema.

Aurten, Joselu Angulok jokatuko du Zaranbolasen pertsonaia, gogotsu eta poz handiarekin. Santutxuko Gaztedi dantza-taldeko txistulari eta gaita jotzailea, Bilboko antzinakoena, eta taldeko presidente ere izana, eta baita ere Mairuek Gaztediko Erraldoiak taldeko kide eta Bilboko Gaiteroetako kide.

EPAIKETA MAMITSUA

Farolin eta Zarambolasen arteko epaiketa jai ospakizun bat da, 1984an sortua, usadioko eta baserri giroko aratusteetako elementurik esanguratsuenetako bat sartzeko ospakizunetan, alegia, urtero-urtero «gaiztoak» epaitzen zirenekoa. Gure urian, gaiari kutsu txirenea ematea erabaki zen, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia hautsi eta umore kutsua ezarriz, hiritarren izaera arketipikoaren bikoiztasunaz trufatzeko.

1984an asmatu zituzten Jaien Batzorde Mistoko kide batzuek pertsonaia horiek, Bilboko Aratusteen ikur bereizgarri bakarra. Farolinen eta Zaranbolasen kontrako epaiketa herrikoiaren abiaburua, gaur egun, haiek Udaletxean atxilotzen direneko unea da. Guardek jagonik zelda batean, Plaza Berriraino egiten zaie lagun, kalejira batekin, eta han izaten dira epaituak eta kondenatuak.