Esperientzia eta gaztetasuna Erreginaren Koparako

0

Athleticeko lau jokalarik debuta egin dezakete datorren asteartean Lezaman jokatuko duten Erreginaren Kopako partidan. Oihane, Valdezate eta Amaiur, harrobiko jokalariek, oraindik ez dakite zer den lehiaketa honetan parte hartzea. Ezta Andrea de la Navak ere, uda honetan iritsi baitzen EDF Logroñotik eta ez baitzuen partidarik jokatzeko aukerarik izan. Atezaina titularra izan da denboraldi honetako 12 partidatan eta Kopa txapelketan jokatzeko aukera dauka.

Txanponaren beste aldean Ainhoa Tirapu dago. 26 partida jokatu ditu dagoeneko Kopan. Nafarrak 22 urterekin egin zuen debuta 2007an, Athletic-Levante partidan, kopako final-laurdenetan Lezaman. Adin berarekin egin zuen debuta Erika Vazquezek 2005ean, San Mamesen. Partida hartan ere Levante ere izan zuen aurkari eta Valentziarrek 0-2 irabazi zuten. Erdilaria Erreginaren Kopan partida gehien jokatu dituen jokalaria da (29).

Nekanek, lesionatuta, ezin izango du talde Kanariarraren aurkako partida jokatu. Aurrelariak Kopako 24 partida jokatu ditu eta 11 gol sartu ditu. Athleticek jokatu dituen 17 edizioetako golegile nagusia da.