Hiriko Soinuak lehiaketaren bigarren edizioko talde irabazleak El Drogasekin batera ariko dira maiatzaren 9an doako jaialdi batean.

0
Banda gazteek eta bakarlariek izena emateko epea zabalik dago martxoaren 18ra arte. Nabarmentzekoak dira, sarien artean, Gaua Producciones estudioetan disko bat grabatu, ekoitzi eta masterizatzeko aukera eta 2020ko Bay Of Biscay Festivalean kontzertua eskaintzekoa.

Hiriko Soinuak lehiaketaren 2019ko edizioak emaitza bikainak utzi zituen: 99 artistek hartu zuten parte (35, Barakaldokoak) eta 2.000 lagun inguru gerturatu ziren Barakaldoko Herriko plazara Burning, The Manilas eta sariketako irabazleetako hiru zuzenean ikustera (Lemy River -kategoria nagusia-, Sara Zozaya -Berdintasun kategoria- eta La Nevera Vacía -Barakaldoko artistarik onena-; laugarren irabazlea -euskarazko artistarik onena- Lanbroa izan zen).

Hasiera on horren ostean, gainean dugu Hiriko Soinuak lehiaketaren bigarren edizioa, berriz ere Barakaldoko Udalaren eskutik. Izena emateko epea martxoaren 18ra arte egongo da zabalik. Aurten ere Euskal Autonomia Erkidegoko talde zein bakarlariei zuzendua egongo da sariketa, bi disko baino gutxiago dituzten talde eta barkalariei hain zuzen ere, eta lau kategoria izango ditu: kategoria nagusia, Barakaldoko artistarik onena, Berdintasun kategorian artistarik onena eta euskarazko artistarik onena.

Behin izen-emate epea itxita, epaimahai profesional batek erabakiko du zein diren finalera pasako diren artistak. Finala, doakoa, apirilaren 4an izango da, larunbatarekin, Barakaldoko San Bizente parkean eta 9 talde edo bakarlari igoko dira taulagainera. Horietatik hiru sari nagusirako hautagai izango dira, beste hiruk Barakaldoko artistarik onenaren saria izango dute jokoan eta beste hiruk, Berdintasun saria. Epaimahai profesionalaren bozken arabera izendatuko dira irabazleak eta, neurri txikiago batean, finalean bertan publikoak emandako bozak ere kontuan izango dira azken erabakia hartzerakoan. Euskarazko artista onenaren saria epaimahaiak berak emango du zuzenean. Irabazleen izenak finaleko kontzertuak amaitutakoan emango dituzte ezagutzera.

MAIATZAREN 9an DOAKO JAIALDIA EL DROGASekin
Hiriko Soinuak lehiaketaren bigarren faseak maiatzaren 9an, larunbatez, Barakaldoko Herriko plazan ospatuko den jaialdia dakar: sariketako irabazleak El Drogasekin batera ariko dira zuzenean. Jaialdia doakoa izango da.

Ez du aurkezpen handirik behar Enrique Villarreal `El Drogas’-ek. Barricadaren sorrerako kide izandakoak ia hamarkada beteko bakarkako ibilbide oparoa darama. Bere azken diskoa `Solo quiero brujas en esta noche sin compañía’ izeneko album boskoitza da. Barakaldon aurkeztuko du maiatzean; gogora dezagun orain hilabete batzuk BECen sekulako arrakasta izan zuela La Polla Records-en kontzertuetako artista gonbidatu gisa.

SARIAK
Hiriko Soinuak lehiaketan jokoan izango diren sarien artean daude Bay of Biscay Festival 2020an kontzertua eskaintzeko aukera (uztailaren 24tik 26ra) eta Gaua Producciones estudioetan disko bat grabatu, ekoiztu eta masterizatzea.

«Barakaldok beti izan du eta dauka musika kultura handia. Hori dela eta herriko talde gazteenekin ekimenen bat antolatzea planteatu genuen beti. Iragan urtean, parte hartze bidezko aurrekontuen bitartez, herritarrek talde-Lehiaketa bat martxan jartzea eskatu ziguten. Eta Enekoren laguntzari esker Hiriko Soinuak jaio zen. Hasieratik harritu gintuen taldeen artean izan zuen harrerak. Ia 100 parte hartzailera iritsi ginen», adierazi du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak.

«Hau dela eta, bigarren edizio bat martxan jartzearen aldeko apustua egin dugu. Helburua, tokiko taldeek herrian ez ezik, Euskadin ere euren burua ezagutzera emateko tranpolin bat izatea. Disko bat grabatzeko aukera emango zaie, baita Bay Of Biscay bezalako jaialdi entzutetsu batean jotzeko ere», gehitu du.

Barakaldoko Udala, gainera, enpresa berritzaileak eta tokiko taldeak uztartuko dituen proiektu aitzindari batean lanean dago. «Pormetxeta Music Lab du izena, gazteentzako heziketa eta musikaren inguruan sormena eta berrikuntza barneratuko ditu, Barakaldo musika-munduko hezkuntzan erreferente bilakatuz. Ekoizleen, soinu teknikarien, logistikan adituen, diseinatzaileen¿ profil profesionalak sortiz», esan du Del Campok.

 

ZER EGIN BEHAR DA PARTE HARTZEKO?

www.barakaldo.eus atarian eskuragarri dagoen izen-emate inprimakia bete eta martxoaren 18a baino lehen hirikosoinuak@gmail.com helbiera bidali behar da. Inprimakiarekin batera honakoak ere bidali beharko dira: bi abesti mp3 formatuan, promozio argazkia zein proiektuaren biografia eta taldekideen NANen fotokopiak edo errolda-ziurtagiriak, jatorria EAEn dutela egiaztatzeko. Barakaldon erroldatutako gutxienez taldekide bat duten proiektuak Barakaldoko artista onenaren sarirako hautagai izango dira, baita gainontzeko sarietarako ere -behean azaldutako baldintzak betetzen badituzte, noski-. Bestetik, taldekideen gutxienez erdiak emakumezkoak dituzten proiektuak Berdintasun sarirako hautagai izango dira, baita gainontzeko sarietarako ere -behean azaldutako baldintzak betetzen badituzte, noski-.

 

KATEGORIAK ETA SARIAK

  • Kategoria nagusiko artistarik onena
    • Gaua Producciones estudioetan disko bat grabatu, ekoiztu eta masterizatzea.
    • Bay of Biscay Festival jaialdian kontzertua (2020ko uztailaren 24tik 26ra)
    • Hiriko Soinuak jaialdian kontzertu ordaindua (2020ko maiatzak 9, Barakaldo)
  • Barakaldoko artistarik onena
    • Gaua Producciones estudioetan disko bat grabatu, ekoiztu eta masterizatzea.
    • Hiriko Soinuak jaialdian kontzertu ordaindua (2020ko maiatzak 9, Barakaldo)
  • Berdintasun kategoriako artistarik onena
    • Gaua Producciones estudioetan single bat grabatu, ekoiztu eta masterizatzea.
    • Hiriko Soinuak jaialdian kontzertu ordaindua (2020ko maiatzak 9, Barakaldo)
  • Euskarazko artistarik onena
    • Gaua Producciones estudioetan abesti bat grabatu, ekoiztu eta masterizatzea.

NORK HAR DEZAKE PARTE?

Ondorengo baldintzak betetzen dituzten proiektu musikal guztiek izango dute lehiaketan izena emateko aukera:

  • Taldeko gutxienez kide batek Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo erroldatuta egon beharko du.
  • Taldeko kideek 16 urtetik gorakoak izan beharko dute.
  • Lehiaketan parte hartu nahi duten proiektuek ezingo dute izena emateko unean editaturiko disko bat baino gehiago izan, disko etxe batekin kontratua eduki ala ez.
  • Abestiek originalak izan behar dute. Antolakuntzak hala eskatuko balu, egiletza frogatu beharko da.
  • Antolakuntzak ahalmena izango du, lehiaketaren edozein fasetan, sariketaren oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak lehiaketatik kanpo uzteko.