Zarataren aurkako plana bultzatu du Barakaldon Garapen Iraunkorreko eta Natura Inguruneko Zinegotzigoak

0
Soinu Ingurumena Hobetzeko Ekintza Plana iragarri du Alba Delgadok; helburua, hirian kutsadura akustikoa murriztea.

Zarataren aurkako plana bultzatuko duela iragarri du gaur Barakaldon Garapen Iraunkorreko eta Natura Inguruneko Zinegotzigoak Hirian kutsadura akustikoa murrizten ahaleginduko da ekimena, eta, horretarako, hainbat estrategia eta jarduera bilduko ditu arazo hori globalki kudeatzeko; izan ere, pertsonen osasunean eragin larria baitu, eta klima aldaketaren arrazoietako bat da.

Bost urteko indarraldia izango du Soinuaren Ingurumena Hobetzeko Ekintza Planak, eta haren edukiak irizpide teknikoak zein Barakaldar herritarren iritziak hartuko ditu kontuan . «Batzorde tekniko bat sortuko dugu, eta bilerak egingo ditugu hainbat eragilerekin, hala nola auzo elkarteekin, merkatari eta ostalarien elkarteekin eta garraio publikoko operadoreekin: Metro Bilbao, Bizkaibus, Renfe-Adif ¿», azaldu du Alba Delgadok.

«Zarata da ingurumenak ondoriozko gaixotasunen artean bigarren eragilea. Entzumenaren galera eragiteaz gainera, zarata jasateak estresa, loaren nahasmendua, antsietatea, oroimenaren galera, patologia kardiobaskularrak, arnas sistemaren eta endokrinoaren alterazioak eta haurren ikaskuntzan zailtasunak eragiten ditu «, azpimarratu du Delgadok. Espainia da, gainera, munduko herrialde zaratatsuenetako bat, OME-Osasunaren Munduko Erakundeak adierazi duenez.

Barakaldoko zarataren aurkako planean zehaztuko dira zeintzuk diren Udalarentzat lehentasunezko ekintzak, kutsadura akustikoaren muga-balioak gainditzen diren lekuetatik hasita, eta gehiegizko zaratatik babestuko dira eremu irekian dauden eremu lasaiak; hau da, naturguneak eta berdeguneak.

Arlo horretako hainbat udal ordenantza berritzeko beharra aztertuko du Planak, eta Udaleko langileei prestakuntza planak garatzeko aukera emango die, baita herrian dagoen zarata kontrolatzeko tresna egokiak eskuratu ahal izatea ere.

TRAFIKOA, SOINU-KUTSADURAREN ARRAZOI NAGUSIA
Zarataren Mapak jasotzen duen moduan, Barakaldon dagoen soinu kutsaduraren arazo nagusia trafikoa dela gogorarazi du Alba Delgadok. «Horregatik, ekimena hertsiki lotuta egongo da Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (PMUS) egitearekin eta horren esparruan har ditzaketen neurriekin, hala nola, kaleak oinezkoentzako bihurtzea eta ibilgailuen zirkulaziorako abiadura murriztea», azaldu du Garapen Iraunkorreko eta Natura Inguruneko zinegotziak.

Soinuaren Ingurumena Hobetzeko Planak landuko dituen beste gai batzuk hauek dira: sailkatutako jarduerak kontrolatzea, jarduera-lizentziak berrikustea eta kontzientziazio-kanpainak egitea, Barakaldoko biztanleen artean ohitura-aldaketak susta daitezen kutsadura akustikoa murrizteko helburuarekin.

OSTALARITZAKO LOKALETAKO ORDUTEGIAK
Aldi berean, ostalaritzako establezimenduen itxiera ordutegien inguruko informazioa helaraziko die herritarrei  Alba Delgadok datozen asteetan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren pegatina bana banatuko zaie tabernei, kafetegiei, jatetxeei eta pubei, lokalaren kanpoaldean jar dezaten.