Osasun Sailak eta Osakidetzak gaixotasun meningokozikoaren aurkako txertoa jartzeko ezohiko kanpaina hasi dute

0
Fotografía: EITB.
PRUEBA

Osasun Sailak eta Osakidetzak ACWY meningokokoaren aurkako txertoa jartzeko ezohiko kanpaina hasi dute. Txertoa 2001etik 2007ra bitartean jaiotako eta aurretik C meningokokoaren aurkako txertoa hartutako gazteei jarriko zaie; orain hartuko duten txertoak serotipo gehiago (AWY) hartzen ditu. Txerto berri honekin, beraz, gaixotasun meningokozikoari aurre egiteko babesa areagotu ahal izango da, eta txertaketa hainbat fasetan egingo da; zehazki, ikasturte honetan eta hurrengo bietan.

Lehenengo faseari otsailean ekin zaio, eta fase honetan 2001ean, 2002an eta 2004n jaiotako gazteei jarriko zaie txertoa; 2020-2021 ikasturtean 2003an eta 2005ean jaiotako gazteei jarriko zaie, eta 2021-2022 ikasturtean, berriz, 2006-2007an jaiotakoei.

Lehenengo fase honetan, beraz, 2020an 19, 18 edo 16 urte beteko dituzten gazteek hartuko dute txertoa. Ikasketa ofizialak egiten ari diren gazteei ikastetxeetan emango zaie txerto hau: Bigarren Hezkuntzako edo Lanbide Heziketako institutuetan eta unibertsitateetan. Gainerakoek Osakidetzaren osasun-zentroetara jo beharko dute txertoa eskatzera.

Osasun Sailak eta Osakidetzak txerto berri hau sartzea erabaki dute Europan zein Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan, meningitis gisa ezagutzen den gaixotasun meningokozikoaren epidemiologian aldaketak gertatu direla hauteman ostean, W eta Y serotipoek eragindako kasuek pixkanaka gora egin baitute. Horren aurrean, Euskadin, eta Txertaketen Aholku Batzordearen gomendioei jarraituz, iaz erabaki zen haurren txertaketa-egutegia aldatzea, eta 2019ko urritik aurrera, ikasturtearen hasierarekin bat etorrita, 12 urteko haurrei C meningokokoari aurre egiteko jartzen zaien txertoaren ordez A, C, W eta Y meningokokoei aurre egiteko txerto tetrabalentea jarriko zaie.

Neurriak kanpoan uzten zituen adin horretatik gorako gazteak, biztanle-talde zaurgarrienaren barruan daudenez immunizatuta egon beharko luketela uste zen arren, eta, hain zuzen ere, horregatik jarri da abian ezohiko txertaketa-kanpaina.