Porrota Reale Arenan

0
PRUEBA

Athleticek 2-1 galdu du Realaren aurka, 83. minutuan Isakek sartutako gol erabakigarriaren ostean.

Athleticek sekulako aukera du asteazkenean Kopan Granadaren aurka, eta gaur 2-1 galdu du Reale Arenan, maila txalogarria eskaintzen ari den Isaken golarekin.

Berdegunean minutu gutxien dituen taldearen zati handi baten lan handiaren ondoren, lehoiek porrota jaso dute. Hori ez ezik, Dani Garcia eta Muniain ez dira Osasunaren aurkako norgehiagokan egongo, batak txartel zikloagatik eta besteak txartel gorriarekin.

Athleticek ez du gehiegi sufritu lehen zatian. Etxekoek abagune on bakarra izan dute Porturen jauriketarekin baina Unai Simonek ondo desbideratu du baloia. Beste atean, Kenan tiro ahul baten bidez saiatu da eta Ibaik irrist egin du ezkerrarekin egindako jaurtiketa batean.

Partida erabat ireki da bi entrenatzaileek euren aurrelari onenak, Isak eta Williams, zelaira sartzea erabaki dutenean. Suediarra amesgaiztoa izan da zuri-gorrientzat. Oyarzabali sekulako baloia eman dio baina honek ez du asmatu. Bigarrenean ez du barkatu Realak, Aihenek hasitako eta Dortmundeko jokalari ohiak hobetutako jokaldi batean iritsi da Porturen gola.

70. minutuan iritsi da Athleticen erreakzioa. Muniain eta Williamsen arteko kontraeraso batean, erdilariak pase bikaina eman dio aurrelariari berdinketaren gola sartzeko. Zuri-gorriak zelaiaren beste aldean gola ospatzen zeudela, Realekoek azkar ateratzeko saiakera egin dute. Irudi bitxi bezala geratu da.

83. minutuan Isakek bigarren gola egin du talde txuri-urdinarentzat, Simonen geldiketa bikainaren aldaratzea baliatuz. Hortik aurrera, nahi eta ezina izan da lehoientzat. Gauza positibo bakarra, Granadaren aurkako partidan pentsatuta jokalariek hartu duten atsedena, eta goalaverageak, Realaren eta Athleticen arteko berdinketa gertatuz gero, mesede egiten baitie lehoiei.