Zarauzko Modelo Aretoko zinemarako sarrerak online

0

Modelo Aretoa berritu zenetik, urtebete pasa da jadanik. Milaka pertsona gerturatu dira aretora, Zarautzen dauden ikuskizun eta filmez gozatzera.

Modelo Aretoak eskaintzen duen zerbitzua hobetzeko asmoz, Zarauzko Udalak aldaketa batzuek egin ditu. Alde batetik, zinema zerbitzua kudeatzeko deialdia egin da eta GOIKUS KUDEAKETA S.L. enpresak irabazi du esleipen prozesua.
Hala, datozen egunetan, hainbat berrikuntza egongo dira Modelon eskaintzen den zerbitzuan. Besteak beste, publikoak eskuragarri izango du hilabeteko zine programazioa Modelo Aretoan bertan, webgunean eta ohiko sareetan. “Eskaera hau aspaldi egin ziguten zarauztarrek. Hileko programazioa ikusita, lagunekin, familian edo bikotearekin egiten diren planak hobeto antolatzeko aukera izango dugu”, adierazi du Irune Urbieta (EAJ-PNV) Kultura zinegotziak.

Beste berrikuntzetako bat, zinemarako sarrerak txarteldegian edo online erosteko aukera izango dela da. “Orain arte, herritarrak Modeloko txarteldegira joan behar ziren sarrerak erostera. Kudeaketa berri honekin, txarteldegian bertan erosi daitezke sarrerak fisikoki eta, online erosteko, Zarauzko Udalaren webgunera jo beharko da. Bertan, Agenda atalera sartu, ikuskizun edo pelikulan klik egin, eta sarrerak online erosteko plataformara sarbidea izango da bertan”, azaldu du Urbietak.

Asteburu honetako sarrerak, otsailaren 6tik aurrera egongo dira salgai eta edozein saioetarako erosi daitezke.
Saio batzuetan, sarrerak numeratuak izango dira eta karteleran eskainiko da informazio hau. Hala ere, orokorrean, haur saio guztiak izango dira numeratuak, baita larunbat eta igandetako 19:30eko saioak, eta astelehenetako saioak, 17:00 eta 20:30ean. “Berrikuntza honekin denbora asko aurreztuko du jendeak. Nahi duenak, sarrerak bere etxetik erosteko aukera izango du, txarteldegian ilararik egin gabe”, zehaztu du Kultura zinegotziak.

Txarteldegiari dagokionez, numeratu gabe diren saioetan, pelikula hasi baino 30 minutu lehenago irekiko da leihatila eta numeratuak direnean 45 minutu lehenago. Saioa hasi eta 15 minutura itxiko da leihatila.

Filmak 3D-n eta bertsio originalean
Pelikula batzuk bertsio originalean eta 3D formatuan ikusteko aukera ere izango da Modelo aretoan. Otsailean, adibidez, “Parasitos” filma bertsio originalean eta “La Familia Adams” 3D formatuan ikusgai izango dira.
Sarreren prezioak ondorengoak izango dira: Sarrera arrunta 5,50 euro; ikusleen egunean 4,50 euro; saio originala 4,90 euro; haur saioa 4,20 euro, haur estreinaldia 5,30 euro, haur saioa 3D 5 euro, haur estreinaldia 3D 6,20 euro; eta helduen saioa 3D 6,50 euro.

 

SARRERAK EROSTEKO ESTEKA