Barakaldoko Udal Haur Eskolak hasiak dira jada ikasle berriei harrera egiteko prestatzen. Udal haur-eskolen sarean sartzeko matrikulazio-epea otsailaren 27an hasiko da, eta hilabete batez luzatuko da, martxoaren 18ra arte, Llano, Arteagabeitia eta Desertu-Berria auzoetan. Gainera, duela bi urte hasi legez, Barakaldoko hiru haur-eskolek ate irekien jardunaldia antolatu dute, 0 eta 2 urte bitarteko haurrak matrikulatu nahi dituzten familiei instalazioak ezagutarazteko, datorren ikasturteari begira.
Martxoaren 4an egingo dute bisita, eta geletan, patioetan edo jantokietan barrena ibilaldia egitea eskainiko diete familiei. «Guretzat oso garrantzitsua da familiek adingabeak zer espaziotan egongo diren jakin ahal izatea, erabaki bat hartzen laguntzeko; horregatik antolatu dugu ate irekien jardunaldi hau, lehen eskutik ezagut gaitzaten», adierazi du Rakel Olalla Barakaldoko Haur Eskoletako presidenteak.
Bisita 17:30ean hasiko da, norberaren, familiaren eta lanaren parte-hartzea eta kontziliazioa errazteko asmoz. Bertara joan nahi dutenek honela eman dezakete izena: emailez –coordinarteagabeitia@eibarakaldo.net, coordinllano@eibarakaldo.net eta coordinurban@eibarakaldo.net – eta telefonoz -Arteagabeitia: 944905029, Llano: 944903053, eta Urban: 944383447. Izena, abizenak, telefonoa eta harremanetarako emaila eman behar da, eta bisitatu nahi den zentroa adierazi. Ate irekien jardunaldian izena emateko azken eguna otsailaren 28a izango da.
MATRIKULATZEKO EPEAK
Haur-eskoletarako matrikulazio epea martxoaren 18ra arte luzatuko da. Arteagabeitia udal eskolak 0 eta 3 urte bitarteko 101 ikaslerentzako tokia du, eta Llanok eta Desertu Berriak, berriz, 0 eta 2 urte bitarteko 41 ikasle har ditzakete bakoitzak. «Udal haur-eskolek kalitate handiko hezkuntza eskaintzen dute, euskaraz eta ingelesez. Arreta ordutegi zabala eskaintzen dute, 07:30etik 17:30era, eta hori laguntza handia da barakaldarren kontziliazio pertsonal, familiar eta laboralerako», nabarmendu du Olallak.
Udal Haur Eskolen prezioa familia bakoitzaren per capita errentaren arabera finkatzen da, «gutxien duenak gutxiago ordain dezan», nabarmendu du presidenteak. Horrela, 2020-2021 ikasturterako gutxieneko kuota 43,23 eurokoa izango da; gehienekoa, berriz, 168,79 eurokoa. Matrikulazioaren prezioa 32,00 eurokoa izango da. Hiru ikastetxeetan eskuragarri dagoen jangela zerbitzuak hilean 38,08 euroko prezioa du.