Financial Times egunkariaren arabera, Euskadi da Europako eskualde ertain erakargarriena atzerriko inbertsioak atzemateko estrategien arloan

0

148 eskualde aztertu ondoren, Financial Times egunkariak laugarren urtez jarraian adierazi du Euskadi lurralde erakargarria dela inbertitzeko. Aurten zehazki, Euskadi lehen postuan kokatu da tamaina ertaineko eskualdeen artean atzerriko inbertsioa atzemateko bere estrategiagatik, eta lehenengo dago baita ere Europa Hegoaldeko eskualde onenaren TOP 10 zerrendan. Hala, Financial Times taldeko fDi Magazine aldizkariak (merkatuetako posizionamenduan eta nazioarteko inbertsio-fluxuetan espezializatua) SPRI Taldeko Invest in the Basque Country atalaren lana nabarmendu du. Gainera, Bilbo lehenengoz sartu da aurten atzerriko inbertsioarentzat erakargarri diren hirien rankinean. Inbertsioak erakartzeko estrategia onena duten tamaina ertaineko hirien Top 10 zerrendan kokatu da eta Europa hegoaldeko hiri erakargarrienetakotzat izendatua izan da.

Atzerriko inbertsioa erakartzeko estrategiaren helburua da Euskadira ekartzea balio erantsi handia duten eta Euskadirentzat lehentasunezkoak diren sektoreetan (RIS 3) enplegua eta inbertsioak sortuko dituzten proiektuak. Hori lortzeko, SPRI Taldeak eskuz esku lan egiten du euskal klusterrekin, lankidetza horren bitartez bilatzeko euskal enpresen eskaintza osatu eta hemen ase gabe dauden nitxoak beteko dituzten nazioarteko proiektuak. Hala, goi-mailako teknologia hornitzaileak ekartzen dira gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko.

Argitalpen espezializatu eta ezagun horrek laugarrenez jarraian aitortu du “Invest” estrategiak Euskadin egiten duen lana.  SPRI Taldeak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Invest in the Basque Country estrategiaren lau alderdi saritu zituen iaz, zehazki hauek: instalatuta dauden enpresentzako laguntza, startup-entzako Bind 4.0 azelerazio programa publiko-pribatua, pizgarri sistemak eta Euskadin atzerriko inbertsioa atzemateko proiektuetako bat, hain zuzen, Viralgen enpresa estatubatuarrarena.

Hori baino lehen aipatu zuen Euskadi Europa hegoaldeko 10 eskualde erakargarrienetako bat zela atzerriko inbertsioarentzat eta, duela hiru urte, nabarmendu zuen Euskadi Europako seigarren eskualde onena zela atzerriko inbertsioarentzat, eta baita ere azpimarratu zuen Euskadi dela eskualde ertainen artetik logistika onena eskaintzen duena.

Invest in the Basque Country

Invest in the Basque Country estrategiaren helburua da kalitatezko inbertsioak atzematea. Bertako  inbertsio produktibo baten bertute berberak izan behar ditu gutxienez, eta inbertitzaileen nazioarteko posizionamenduarekin lotutako abantailak ere bai. Inbertsio horrek jarduera berriak sortu behar ditu edota lehendik existitzen direnak mantendu, balio erantsi handiagoko jarduera berritzaileagoak garatu behar ditu, bertan gelditzeko bokazioa izan behar du eta bertako garapenarekin konprometitu behar du, bertako estrategia, plan eta agenteek bultzatutako jarduerak eta apustuak indartu edota aukera-nitxo berriak ireki behar ditu eta, azkenik, baliabideak eskaintzeaz gain, inbertsio horrek trakziogile izan daitezkeen enpresetatik etorri behar du.

2019an, Invest in the Basque Country-k atzerriko 129 inbertsio proiektu kudeatu zituen; horietatik, 36 arrakastaz itxi dira, zeintzuek berekin baitakartzate 133 milioi euroko inbertsioa egitea, 642 lanpostu sortzea eta 404 mantentzea.

Kudeatu diren proiektuen erdiak RIS3 estrategiaren baitako lehentasunezko sektoreetakoak izan dira, batik bat hauetakoak: BIO/Nano, Automozioa, EIKT eta Energia. Kudeatu diren proiektuen %47 produkzio lantegietan garatu dira eta beste %22 I+G zentroetan.  Iritsi diren proiektuen jatorriari dagokionez, aipatzekoak dira Estatu Batuak, Alemania, Frantzia eta Italia. Bestalde, Euskadira zerk erakarri dituen galdetzean, %28.7k adierazi dute interes merkatuekiko hurbiltasunagatik etorri direla, eta %19k Euskadiko ingurune industrialagatik.

2014an Invest in the Basque Country estrategia martxan jarri zenetik, guztira 136 proiektu itxi dira, horiei esker 2.616 lanpostu berri sortu eta beste 3.417 mantendu direlarik. Guztira, 613,95 milioi euroko inbertsioa egin da horrelako proiektuetan.

Arrakastaz itxi diren proiektuen artean aipatzekoa da Isostatic Toll Services Bilbao (ITS Bilbao, S.L) enpresaren proiektua. Oso proiektu teknologikoa da, eremu ahul batean (Abanto-Zierbanan) kokatu dena, eta eskaera handia duena errendimendu handiko eta zero akatseko aplikazio kritikoetarako aeronautika, medikuntza nahiz fabrikazio gehigarria bezalako sektoreetan. Hain zuzen, aeronautika sektoreko enpresen eskutik iritsi da Euskadira, teknologia hori eskatzen baitute beren produktibitatea handitzeko eta beren premiak asetzeko.

Bada beste proiektu aipagarri bat, alegia, Jasun Envirocare enpresarena. Brexit-ak sortutako ziurgabetasunari aurre egin nahian, Erresuma Batuko konpainia hori Euskadin kokatu da SPRI Taldeko Invest in the Basque Country atalaren eta SPRILURen laguntzarekin. Enpresa hori, bere sektoreko liderra, prestazio handiko iragazki-lantegi bat instalatzen ari da Gueñeseko industrialdean (eremu ahula hau ere), eta 5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du.

Bestalde, lan handia egin da atzerriko inbertsioa erakartzeko intentsitate teknologiko handiko proiektuen arloan. Horren adibide da Touchlight AAV proiektua, Estatu Batuek eta Erresuma Batuak elkarrekin egin duten inbertsio bat, Viralgen enpresarekin lankidetzan (horrelako terapiak erabiltzen dituen Europako zentro handiena, Gipuzkoako Miramon Zientzia eta Teknologia Parkean kokatua) garatu dena eta helburutzat duena produktu bioteknologikoak (plasmidoak) fabrikatzea terapia genikoetan aplikatzeko eta sendagaitzak diren gaixotasun arraroak sendatzeko.