Gobernuak apirilaren 5erako hauteskunde prozesua abian jarri du

0
.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuarekin batera.

HAUTESKUNDEETARAKO OPERATIBOA

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du apirilaren 5eko hauteskundeetarako operatiboa. 1,8 milioi pertsonak izango dute botoa emateko eskubidea. Atzerrian bizi diren 75.000 pertsona daude botoa emateko eskubidearekin, duela 4 urte baino 6.000 gehiago. Eusko Legebiltzarrerako 75 ordezkariak aukeratuko dira.

Legebiltzarra desegin eta hauteskundeak deitzeko Lehendakariaren Dekretua argitaratu ondoren, egutegi bat jarri dugu abian, data hauekin:

  • Otsailaren 12tik 19ra, alderdi politikoek beren ordezkariak izendatu ahal izango dituzte Hauteskunde Batzordearen aurrean.
  • Gaurtik martxoaren 26ra bitartean, posta bidezko botoa eskatu ahal izango da.
  • Atzerrian modu iraunkorrean bizi diren pertsonek otsailaren 11tik martxoaren 7ra bitartean eskatu ahal izango dute.
  • Gaurtik aurrera debekatuta dago hauteskunde-propaganda egitea. Udalek izendatu beharko dituzte, orain, alderdiek zein leku eta espaziotan egin ahal izango dituzten ekitaldiak hauteskunde kanpainan zehar.
  • Udal eta kontsuletxeetako hautesle-errolda otsailaren 17tik aurrera publikatuko da.
  • Bozketa-mahaiak osatuko dituzten pertsonak izendatzeko zozketa martxoaren 7tik 11ra egingo da.
  • Hauteskundeetara aurkezten diren hautagai-zerrendak martxoaren 10ean argitaratuko dira.
  • Hauteskunde-kanpainaren hasiera martxoaren 20ean izango da.
  • Hautetsien izendapena apirilaren 30a baino lehen egingo da.
  • Emaitzen behin betiko argitalpena egingo da maiatzaren 8a baino lehen.
  • Maiatzaren hasieran eratuko da Eusko Legebiltzarra.
  • Horrekin emango zaio hasiera hamabigarren euskal legealdiari.

GIZARTE POLITIKAK

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak Eusko Jaurlaritzak esku-hartze sozialaren esparruan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko 4,7 milioi euroko dirulaguntzetarako deialdia onartu duela azaldu du.

Aurrekontu horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak ekonomikoki lagunduko die irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei, gizarte-zerbitzuen eta esku-hartze sozialaren esparruan jarduerak egin ahal izan ditzaten.