Ingurumen Sailak Zaldibarko zabortegiaren inguruko airearen kalitatearen kontrola indartu du

0

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Zaldibarko zabortegiaren inguruan airearen kalitatearen kontrola eta zaintza indartu badu ere, neurketen emaitzek, gaur-gaurkoz, ez dute inolako aldaketa kezkagarririk erakusten eta ohiko parametroen barruan egoten jarraitzen dute.

Gaur eguerdiaz geroztik, Eibarren beste unitate mugikor bat ipini da. Unitate hori Ermuan jada jarrita zegoenari gehitu zaio. Halaber, hasi dira egunero eskuzko laginketak egiten, zabortegitik hurbilen dauden auzoei —adibidez, Eizaga— lehentasuna emanez. Eta, baldintza meteorologikoen arabera, beste gune batzuetan ere hartuko dira laginak.

Ingurumen Saila etengabe ari da neurtzen konposatu organiko lurrunkorrak eta amianto esekia, baita airearen inguruko araudiak markatutako kutsatzaileak ere.

Neurketa horien emaitzak, egunero, Ingurumen Sailaren @Ingurumena­_Eus twitter kontuan argitaratzen dira, hedabideek zein herritarrek, oro har, informazioa eskura izan dezaten.

Gaur egindako laginketen datuek baieztatu dute azken neurketek profil egonkorra adierazten dutela eta EAEko hiriguneen ohiko balioetan daudela.

Bestalde, gogoratu behar da Ingurumen eta Osasun Sailak etengabe koordinatuta daudela, datuek halakorik adieraziz gero, beharrezkoak diren neurriak hartuko direla une oro bermatzeko.