Emakunde/Emakumearen Euskal Erakundeak «Matematikaren eta fisikaren arloetan emakumeen diskriminazioa iraunarazten edo aldatzen laguntzen duten fenomenoen analisia» izeneko azterlana argitaratu du. Emakundek urtero ematen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren arloko ikerketa-lanetarako bekaren emaitza da. Aurkezpena Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Egunean egin da.
Ikerketa horren helburua izan da ikerketa zientifikoaren munduan emakumeen diskriminazioa iraunarazten laguntzen duten mekanismoak identifikatzea eta neurri egoki batzuk proposatzea matematikaren eta fisikaren arloetan emakumeen kopurua handitu ahal izateko, bietan genero-oreka lortze aldera.
Ikerketaren arabera, matematika eta fisika eremuetako ikasleen arteko emakumeen kopurua diziplina horietan aritzen diren gizonena baino askoz ere txikiagoa da, eta, bi kasuetan, beste diziplina zientifikoetan baino arraila handiagoa da (biologia, kimika, genetika, lurraren zientziak, etab.). 2018/19 ikasturtean, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleen artean % 38,9 emakumeak ziren matematikaren arloan, eta% 29.2 fisikaren arloan. Presentzia urri hori faktore historiko, sozial, psikologiko, politiko eta kultural konplexuen emaitza da, eta emakumeei eragiten die ebaluazio-prozesuetan eta horien sustapenean. Kasu askotan, sistema akademikoaren oinarri diren printzipio eta balio batzuk ez dira neutralak generoari dagokionez.
Azterlanaren arabera, emakumeek emakume izateagatik jasotzen duten tratu desberdina, merituaren aitorpenari, debaluazioari eta ikusezintasunari buruzko genero eragina, sexu-jazarpenak, hizkuntza desegokia eta, oro har, diskriminazio-ingurunea, horrek guztiak emakumeengan «kide ez izatearen» sentimendua areagotzen du, hau da, ez dira ongi etorriak sentitzen kasu askotan eta honek eralaxatuta edo eroso sentitzea galarazten die. Gainera, lana eta familia uztartzearen ondorioz sortzen diren arazoek diskriminazioan eragiten duten alderdiak dira, eta, kasu askotan, emakumeek erabaki behar izaten dute ibilbide profesionalean aurrera egin edo familiako kideak zaindu.
Ikerlanak, bestalde, hainbat proposamen egiten ditu egoera hau aldatzeko, hala nola, generoaren eragina zehatz-mehatz aztertzea langileen hautaketan eta ebaluazio-prozesuetan, edo unibertsitate-eremuan bulego bat sortzea, ikasleek, irakasleek eta ikertzaileek bertara joan ahal izan daitezen sexu-jazarpena, lan-jazarpena edo edo edonolako diskriminazioren biktima direnean. Garrantzitsu eta beharrezkotzat jotzen dute, halaber, matematikari eta fisikari izatearen lanbideari buruz dagoen ikuspegia zabaltzea, eta estereotipoen berezko elementu sinbolikoak eremu horietan diharduten emakumeen eta gizonen benetako jarduerarekin alderatzea.