BILBOKO UDALAK ZABALA ETA MIRIBILLA LOTZEN DITUEN IGOGAILUA INAUGURATU DU, ETA AUZOA HIRIAREN ERDIALDETIK HURRAGO DAGO ORAIN

0

Elementu mekaniko berria Bruno Mauricio Zabala eta Constantino Tenorea kaleen artean kokatzen da, eta bi kale horiek lotzen zituen eskailera batzuk ordeztu ditu.

  • Zabala auzoan, oinezko ugari ibiltzen den kale bat da Constantino Tenorearen kalea, eta, igogailu berri honi esker, samurragoa izango du Miribillara eta Osasun Etxea bezalako ekipamenduetara iristea.
  • Azpiegitura horretan egindako inbertsioa 571.000 euro izan da, eta, hala, Udalak errimeago egin du auzo guztietako irisgarritasun unibertsalaren alde.
  • Elementu mekaniko berri honekin, dagoeneko 45 dira Udalak abian jarri dituen igogailuak, lehendik ziren 20 eskailera edo arrapala mekanikoez gain.

Zabala auzoa eta Uriaren erdialdea hurrago daude bata bestetik gaur, Constantino Tenorearen kalea eta Bruno Mauricio Zabala kalea lotzen dituen igogailua inauguratuz gero: elementu mekaniko berri honekin, auzoa hurrago dago Miribillara nahiz uriko gainerako lekuetara daroan oinezkoen ibilbide irisgarri batetik.

Inaugurazioan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Asier Abaunza Obra, Zerbitzu, Hiri-eraberritze eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi ordezkaria eta Alfonso Gil Mugikortasun eta Iraunkortasun Saileko zinegotzia.

Egikune hau Bilboko Aukera-eremuen, Baliabide Mekanikoen eta Irisgarritasunaren Planean teknikoki definitutako lehentasunen artean dago, eta, berarekin, errimeago agertzen du Udalak uriko auzo guztietan irisgarritasun unibertsala hobetzearen alde hartu duen jarrera.

Elementu mekaniko berria ikustera joanik, Juan Mari Aburto alkateak nabarmendu duenez, «irisgarritasuna zeharkako ildo bat da Udal honen lanen plangintzan, lehentasunezkoa». Izan ere, teknikoki bideragarri den guztietan, «argi eta errime egiten dugu aukera era honetako konponbide mekanikoen alde. Konponbide hauen xedea da uriko herritarren bizi kalitatea hobetzea, eta, oraingo honekin, Zabalako herritarrena, hurrago edukiko dituzte-eta Miribillako auzoa eta Osasun Etxea bezalako ekipamendu hain erabiliak, esate baterako. Eta, gainera, oinezko ibilbide irisgarri bat eskaintzen die, uriaren gainerakoarekin lotzen duena.»

Orain artean, Bruno Mauricio Zabala eta Constantino tenorea kalearen arteko loturak bazuen eskailera tarte bat plataforma batzuetara ematen zuena, eta plataforma horietatik, gero, ondoan zeuden eraikinetara. Oinezkoak, gainera, ezinbestekoa zuen eskailera-multzo horiek guztiak igotzea, eta ibilbide hori ez zen irisgarria mugikortasun urrituko pertsonentzat.

Gabezia horiek ikusita, konponbidea izan da 6,6 metroko desnibela gainditzen duen igogailu bat ipintzea. Era berean, oinezkoentzat bihurtu da Bruno Mauricio Zabala kalearen adarra, Constantino Tenorearen kalea eta Ángela Figuera kalea lotzen dituena, espaloi batean eta bestean zeuden eskailerak kenduta.

Igogailuak hiru geltoki ditu, eta haren kabinan 16 lagun sartzen dira, eta, kabinara sartzeko, eskailera multzo eta plataformen eta 37. zenbakiko eraikinaren artean dagoen gunetik dauka bidea.

  • Geltokietako lehena, beraz, Bruno Mauricio Zabala kaleko 35 eta 37 eraikinen artean dagoen plazatxoan dago.
  • Bigarrenak, berriz, han diren plataformetako lehenera ematen du. Bigarren geltokiko irteerako atetik abiatuta zaldain bat eraiki da, atearen eta plataformaren arteko hutsunea gainditzeko.
  • Eta hirugarren eta azken geltokia Constantino Tenorearen kalean dago kokatuta.

Igogailuak badu zainketa sistema bat, unean bertakoa, eta badu telekomando sistema bat ere, zerbitzari batean zentralizatua.

Azpiegitura honetan egin den inbertsioa 571.000 euro da, guztira.