Novaltiak eta UPV/EHUk Farmaziako Simulazio Gela inauguratu dute

0
Vitoria - Gasteiz. 12-02-2020. Inauguración del Aula de Farmacia de la Facultad de Farmacia del Campus de Álava. Foto: Nuria González
PRUEBA

Novaltia banaketa farmazeutikoko kooperatibak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) gaurko egunean inauguratu dute Farmaziako Simulazio Gela bat. Horren bidez, farmazia hurbildu nahi zaie ikasleei, prestakuntza praktikoa jaso eta ikasi ahal dezaten beren etorkizuneko lanpostuarekiko ahalik eta antzekoena den ingurunean. Horretarako, farmazia baten benetako banaketa diseinatu da, bulego berezitu eta oraingoko baten elementu bereizgarrienekin, bi eremutan bereizita: esparru farmazeutikoa eta jendaurreko salmentarakoa.

Inaugurazio ekitaldia Vitoria-Gasteizeko UPV/EHUko Farmazia Fakultatean egin da, eta bertan izan dira Fernando Tapia, UPV/EHUko Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea, Miguel Ángel Artal, Novaltiako presidentea, eta Manoli Igartua, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko dekanoa. Inaugurazioan izan dira, halaber, Fernando Castillo, kooperatibaren zuzendari orokorra eta bere kontseilarietako batzuk. Horrez gain, Enrique Ordieres, CINFAko presidentea, Sonia Sáenz de Buruaga, SEFACeko presidentea (Espainiako Familia eta Komunitate Farmaziako Elkartea), eta Euskadiko Farmazeutikoen hiru Elkargo Ofizialeko ordezkariak eta sektoreko beste profesional asko ere bertaratu dira.

Farmaziaren errealitatea ikasgelatik

Benetako farmazia baten errealitatea islatu nahian, ikasgelak bi espazio berezitu ditu. Lehenengoa guztiz farmazeutikoa da, robotika eremuarekin, harrera mahaiarekin eta farmazia baten ohiko produktuen sailkapenarekin. Bertan daude, halaber, formulazio magistralerako laborategi bat eta botikak eta parafarmaziako produktuak gordetzeko tiradera-altzari bat. Horrez gain, SPDrako Medical Dispenser Sistema ezarri da, dosifikazio sistema pertsonalizatuak prestatzeko (CINFA laborategiek emandakoa).

Bigarrena, berriz, banaketarako eta jendaurreko salmentarako espazioa da. Bertan dago prestakuntzarako ikasgela bera, erdigunean, ikasleek eskoletan ikasitakoa praktikara eraman ahal izatea errazteko. Prestakuntza saioak egin ahal izango dira espazio horretan, 25 pertsona arteko edukierarekin.

Egungo farmaziak gero eta asistentzialagoak dira. Hori dela eta, espazio bat gorde da arreta farmazeutiko pertsonalizatuagoa egiteko —APE edo Arreta Pertsonalizaturako Eremua—, farmazia-ikasgela espazioan. Bertan, ikasleek gomendio farmazeutikoak landu ahal izango dituzte, askotariko alorretan, benetako egoerak simulatuz (automedikazioa, tabakoa erretzeari uztea, osasun orokorreko arazoei buruzko kanpainak, ikusmen osasuna, nutrizioa, dermofarmazia…). Gainera, ikasleek beren ezagutzak eta gaitasunak erakutsi ahal izango dituzte botiken banaketa, argibide farmazeutikoak edo segimendu farmakoterapeutikoa bezalako arloetan.

Hori guztia gutxi balitz, ikasgelak bi erakusleiho ere izango ditu, benetako farmazia bulego baten antza handiagoa izateko, baita SIGRE puntu erabilezin bat ere (farmazietan botiken hondarrak eta ontziak botatzeko dauden edukiontziak).

Novaltia eta UPV/EHUren arteko lehendabiziko lankidetza proiektua

Bi erakundeek lau urterako lankidetzako esparru hitzarmen bat sinatu zuten 2018an, honako helburu hauekin: elkarrekin ikerketako lan akademikoak gauzatzea bultzatzea, unibertsitatearen eta enpresaren arteko kooperazio programen esparruan; Gradu Amaierako Lanak eta Master Amaierako Lanak gauzatzea; eta unibertsitate lanak sustatu, bultzatu eta garatzera bideratutako laguntza programen bidezko bekak ematea.