Segurtasuna Koordinatzeko Zentroak bideokonferentziak egiteko modulua izango du Donostian

0

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak Udalari baimena eskatu dio azpiegitura hori jartzeko, hain zuzen ere, erakundeen arteko koordinazioa hobetuko duen azpiegitura izango da, eta Garberan dagoen Suhiltzaileen Parkeko Koordinazio Zentroan kokatuko da.

Donostiako Segurtasuna Koordinatzeko Zentroak bideokonferentziak egiteko modulu bat izango du. Hiri-Segurtasuna eta Herri-Babeseko zinegotzi Martin Ibabek baimena eman dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailari modulu hori instalatzeko, “modulu horri esker errazago koordinatuko ahal izango ditugu larrialdiak kudeatzeko sistema”, adierazi du Ibabek.

Egun Gipuzkoako Krisi Mahai orokorra Oiartzungo Polizia Zentroan dago, eta orain Garberako suhiltzaileen parkean dagoen Koordinazio Zentroan Segurtasun Saileko koordinazio baliabideak izango ditu. Horrela, lagungarria izango da bi erakundeak mahai horietan egoteko, baita Segurtasun Sailak Udalarekin eta Foru Aldundiarekin daukan koordinazioa hobetzeko ere.

Ibabek esan duenez, Trafiko Zuzendaritzak eskatzen duenean, Gipuzkoako erakundeok Txurdinagako Zentroarekin konektatu ahal izateko erabiliko dela modulua, Bilbora joan beharrik gabe.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak baimena eskatu du Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako teknikari batentzako postua jartzeko, instalazio horietan larrialdiak kudeatzeko sistema guztia integratu eta hobeto koordinatu ahal izateko.