Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Osasun, Segurtasun, Lan eta Justizia Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bilera egin dute gaur goizean Zaldibarren, koordinaziorako eta jarraipenerako mahai tekniko batean. Organo hori txandakakoa izango da, eta astero bilduko da Zaldibarko, Ermuko eta Eibarko udaletan.
Bilera goizeko 9:30etan hasi da, eta mahaikideak bat etorri dira ekintzaren lehentasuna pertsonak direla esatean: Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze aurkitzea, tokian bertan bilaketa lanetan ari diren pertsonen segurtasuna zaintzea, eta inguruan bizi diren pertsonen segurtasuna eta osasuna bermatzea. Lehentasun horrekin, premiazkoenak diren alderdiak jorratu ditu lan taldeak.
Goizaldean bertan, desagertutako bi pertsonak bilatzeko lanei berrekin diote. Sartu ezin zen denboran, langileek ez diote lanari utzi, bilaketa gunera sartzeko biderik egokiena bilatzeko.
Premiazko beste neurrietako bat sutea etetea eta lurrak egonkortzea dira. Sua dagoen puntura iristeko lanean ari dira, sutea «itotzeko», larrialdietako taldeen segurtasuna mantenduz.
Administrazioak modu subsidiarioan jardungo du ekintza horiek enpresarekin batera garatzeko.
Bestalde, diziplina anitzeko langile geoteknikoen talde bat sortu da hegalaren egoera aztertzeko eta obretako ekipoei laguntza emateko.
Gainera, zabortegiko urak leheneratzea eta hustea edo lixibiatuen irteera erraztea aldi berean egingo diren lanak dira
Bestalde, aire- eta ur-neurketei buruzko informazioaren hedapena indartuko da, bizilagunengana hobeto iristeko.
Aldian-aldian airearen eta uraren analisiak egiten ari dira, eta emaitzek parametro normalak dituzte. Analisiek erakusten dute ez dagoela intzidenteari lotutako osasunerako arriskurik.
Gainera, beste neurrietako bat inguruko baratzetako produktuak gertutik zaintzea da, elikagaien segurtasuna bermatze aldera.
Hondakinetatik ateratzen diren hondakinak lekualdatzeari dagokionez, «arriskutsu» gisa tratatuko dira, zabortegian kategoria horretako produkturik ez zegoen arren. Erabaki hori da Ingurumen Sailak prebentzio neurri gisa hartu duena.