BILBOKO UDAL MUSIKA BANDAK PABLO PERSICO ETA RAFAEL MULLOR GRAUREN BI OBRA ESTREINATUKO DITU IGANDE HONETAN, OTSAILAK 16

0
PRUEBA

Ospakizunak” izeneko kontzertuak, David Abellán García bonbardino-jolearen eta José Miguel Rochina Rodrigo tuba-jolearen partaidetza berezia izango du.

  • Hitzordua igandean izango da, otsailak 16, eguerdiko 12:00etan, Euskalduna Jauregiko auditorioan.
  • Sarrerek 5 euroko prezioa dute, zenbakidunak dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus web orrialdean eta Kutxabankeko kutxazainetan eskuratzeko aukera dago.

Bilboko Udal Musika Bandak igande honetan, otsailak 16, banda sinfonikorako egindako Pablo Persico maisu argentinarraren “Resabios de Petunia” eta Rafael Mullor Grau alakanteko konpositorearen “Rasoabel” obren bertsioak estreinatuko ditu. “Ospakizunak” izeneko kontzertu honek, David Abellán García bonbardino-jole murtziarraren eta José Miguel Rochina Rodrigo tuba-jole valentziarraren parte hartze bereziak izango ditu.

José Rafael Pascual-Villaplana titularraren zuzendaritzapean, hitzordua eguerdiko 12:00etan hasiko da Euskalduna Jauregiko auditorioan. Aipatutako estreinaldiez gain, Bilboko musika taldeak beste bi lan zoragarri interpretatuko ditu, hala nola Ginés Carrionen “OVERHAULED MUSIC for Euphonium, Tuba and Symphonic Band” eta Ramon García i Solerren “ORYZA. Gastronomic Fantasy for Symphonic Band, op. 93”.

Ohikoa denez sarrerek 5 euroko prezioa dute, zenbakidunak dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus web orrialdean eta Kutxabankeko kutxazainetan eskuratzeko aukera dago

Musika Banda, martxoaren 1ean itzuliko da Euskalduna Jauregiko eszenatokira. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, Eurovisioko Jaialdiaren historiako hainbat abestiz osatutako egitaraua interpretatuko dute, Iñaki Urkizu eta José A. Pinaren moldaketekin. “FESTIBAND EUROVISIÓN” izeneko ikuskizuna, Iñaki Urkizu eta José Rafael Pascual Vilaplanak gidatuko dute eta Anabel Conde (ahotsa) eta Serafín Zubiri (ahotsa eta pianoa) bezalako gonbidatu bereziak izango ditu.

EGITARAUAREN OHARRAK

Obra bat estreinatzearen sentsazioa pozgarria da beti. Inoiz irakurri gabeko soinu-partitura baten aurrean jartzea, konpositorearen unibertsoan murgiltzea eta ideia intelektual bat errealitate bihurtzea musikari-lanerako pizgarri bat da, dudarik gabe. Kontzertua Resabios de Petunia lanaren estreinaldiarekin hasiko dugu. Obra honek lengoaia dodekafonikoa dauka, eta petunia klase guztien berezitasunak deskribatu nahi ditu. Lore protagonista honek erabateko intentsitatetik giro naifeneraino eramango gaitu. Petunia-ren migrazioek zapore biziak dauzkate, kolore, forma, testura eta usain osatu gabeetan.

Pablo Persico argentinar maisuak (Buenos Aires, 1977), Argentinako Unibertsitate Katolikoan konposizioan eta orkestra-zuzendaritzan graduatutakoak, aurkezten digun lengoaia soinu-ikerketa baten emaitza da, bandaren metafora akustikoa baliatzen duena. Sorkuntza-prozesu bakar eta berezi bat ikusiko dugu, teknika modernoekin eratua, besteak beste soundpainting izenekoarekin, artelan ezberdin eta behin-behineko bat sortuko dutenak.

Jarraitzeko, David Abellán (bonbardino) eta José Miguel Rochina (tuba) lagunak izango ditugu Overhauled Music obrako bakarlari gisa. Partitura hau Murtziako Ginés Carrión Espí konpositoreak (Jumilla, 1980) idatzi zuen, III Jumilla Low Brass Festival 2014-ren enkarguz. Obra hau, bere izenak dioenez, beste konposizio baten berrikuspena da: Genteel Dances, bonbardinoarentzat eta orkestra sinfonikoarentzat, David Abelláni berari dedikatua. Carrión maisuak batez ere ikus-entzunezkoetarako musika idazten du eta zinemarako konpositore ospetsuen lankidea da (hala nola Roque Baños eta José Nieto). Oraingoan, zinemaren eragin garbia daukan obra bat proposatzen digu, bakarlarien eta bandaren arteko elkarrizketa aprobetxatuz, pentagrama kontrajarri eta eklektikoak erabiliz.

Bigarren zatian obra berri baten estreinaldia ikusiko dugu berriro. RasoabelRafael Mullor Grau konpositorearena (Alcoi, 1962), egilearen, Sonia emaztearen, eta Abraham eta Eleazar semeen izenen inizialetatik sortua da. Obra honetan, inizial horietatik eratutako lerro melodiko bat erabiliz, pertsonaia bakoitzaren deskribapena egiten du, konpositorearen familia-bizitza eratzen duten zailtasun eta samurtasun uneen artean.

Azkenik, Oryza (arrozaren landarea) izeneko fantasia gastronomikoa entzungo dugu. Elezahar baten eran, Ramón García i Soler (Atzeneta d’Albaida, 1971) konpositorearen musikak arroz-ale baten alegiazko bidaiara gonbidatzen gaitu. Alea urez betetako eremutik paellarik gozoenera doa bidaia honetan. Partitura hau Vila d’Altea-ko Musika Banden Nazioarteko 42. Lehiaketaren enkarguz idatzi zuen. Sentsazioen denboraldi honetan, garrantzitsua da ospatzea bandako musikak gure garaian bizirik dirauela, hainbat bidetatik eta hainbat eskaintzarekin, eta dibertsitatea gure etorkizuna garatzeko energia bihurtzen duela.

Musikari gonbidatua: David ABELLÁN GARCÍA, bonbardinoa
Jumilla (Murtzia), 1987

Jumillako “Amigos de la Música” elkarteko musika akademian hasi zituen musika-ikasketak. Maila ertaineko graduko ikasketak egin zituen bi kontserbatorio profesionaletan: Jumillako “Julián Santos” kontserbatorioan, Murtzian, eta “Tomás Luis de Victoria” kontserbatorioan, Avilan. Gerora Murtziako “Manuel Massoti Littel” goi mailako musika kontserbatorioan sartu zen eta bere goi mailako ikasketak Santiago Juanes Llorens irakaslearekin amaitu zituen.

Hainbat hobekuntza-ikastaro egin ditu irakasle askorekin, besteak beste: Vicente López, David Llácer, Juanjo Munera, Josep Bruguera, Steven Mead, Pedro Manuel Delegido, Mel Culbertson, Miguel Vallés eta David Thornton. instrumentista gisa egin duen ibilbidean, Yecla hiriko tuba-eskolako taldean eta Murtziako banden federazioko bandan parte hartu du. Kolaboratzaile gisa aritu da Gasteizko Udal Bandan, Bilboko Udal Bandan, Yecla hiriko tuba-eskolako taldean, European Unión Wind Orchestra-n, World Youth Wind Orchestra Project-en, Murtziako Orkestra Sinfonikoan, Bilboko Orkestra Sinfonikoan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoan, Madrilgo Udal Bandan,…

Hobekuntza ikastaroak eman ditu Espainia osoan eta Argentinan, eta “Jumilla Low Brass” jaialdiko zuzendaria izan da 2012. eta 2017. urteen artean. Musikari gazteen zenbait lehiaketatan saritua izan da: Xátiva, Villena, Juventudes Musicales de España eta Acordes Caja Madrid. Gainera, Hypnos saria eman zion Jumillako Udalak, egindako hezkuntza-lanagatik. 2016an bere lehenbiziko diskoa aurkeztu zuen, Genteel Dances izenekoa, Audioart diskoetxearen eskutik eta Ginés Carrión konpositorearen laguntzarekin. Gaur egun Bilboko Udal Bandan bonbardinoa jotzen du.

Musikari gonbidatua: José Miguel ROCHINA RODRIGO, Tuba
Bugarra (Valentzia), 1974

Musika-ikasketak bere sorterrian hasi zituen Unión Musical ikastegian. Ribarrojako (Valentzia) musika Kontserbatorio profesionalan egin zituen erdi-mailako ikasketak, Carmelo Albenca irakaslearekin eta tubako espezialitateko erdi-mailako ohorezko saria eskuratu zuen. 2003an Goi-mailako ikasketak Valentziako Joaquín Rodrigo Goi-mailako Musika kontserbatorioan egin zituen, José Manuel Miñana jaunaren zuzendaritzapean, eta epaimahaikideek aho batez erabaki zuten karrera-amaierako ohorezko saria ematea. Valentziako Elkarte Musikalen Federazioak ematen duen Musikaren EUTERPE saria jaso zuen. Gero, ikasketa gehiago egin zituen David Llácer maisuarekin (Valentziako Orkestrako tuba bakarlaria).

Zenbait hobekuntza-ikastaro eta masterclassak egin ditu, besteak beste, José Manuel Redondo, Luis Gimeno, Lorenzo Rodrigo, Miguel Navarro, Mel Culbertson, Roger Bobo, Jens Bjorg Larsen eta Sergio Finca irakasleekin. Hainbat talderekin jardun izan du, hala nola, Valentziako Orkestra Sinfonikoarekin, Espainiako Orkestra eta Abesbatza Nazionalak, Extremadurako Orkestrarekin, Musikene-ko orkestrarekin, Euskadi Brass-ekin eta Palma de Mallorcako Udal Bandarekin, besteak beste.

2011n Eduardo Nogueroles-en tuba eta euphoniumerako “The world of dreams” obra bikoitza estreinatu zuen Euskalduna Jauregiko Auditoriumean Udal Musika Bandarekin. 2012an artista gonbidatua izan zen Linz-en (Austria) ospatu zen International Tuba and Euphonium Conferencean (ITEC). 2016an irakasle gonbidatua izan zen Jumilla Low Brass jaialdiaren V.edizioan. 2016an eta 2017an irakasle gonbidatua izan zen Laredon (Kantabria) egiten den tuba eta bonbardinoen topaketan. Gaur egun, tuba bakarlaria da Bilboko Udalaren Bandan.

Zuzendaria: J. Rafael Pascual-Vilaplana

Alcoy eta Valentziako kontserbatorioetan ikasi zuen. Bandako zuzendaritza ikasi zuen Jan Cober eta Eugene Corporon maisuekin. Orkestrako zuzendaritza ikasi zuen Vienan Karl Österreicher eta Hans Graf-ekin. Zuzendari gonbidatua izan da zenbait talde sinfonikotan eta bandetan Alemanian, Argentinan, Belgikan, Kolonbian, Kuban, Eslovenian, Frantzian, Italian, Holandan, Portugalen, Errumanian, Suitzan, Uruguain eta AEBn: Kubako Banda Nazionala, Holandako Gazteen Banda Nazionala, Holandako Errege Marinako Banda, Esloveniako SAF Wind Orchestra, Valléseko O.S., Murtziako O.S., Gaztela eta Leongo O.S., Bilboko O.S., Kanaria Handiko O.F., Bukaresteko O.S., Suitzako Aulos W.B., Alacanteko Udal Banda, Bartzelonako Udal Banda, Madrileko Udal Banda, Palma Mallorcako Udal Banda, Gasteizeko Udal Banda, Tenerifeko Santa Cruzeko Udal Banda, Oviedoko Goi-mailako Kontserbatorioko Banda eta Orkestra, Kanarietako Goi-mailako Kontserbatorioko Banda, Musikeneko Banda… Hainbat bakarlarirekin egin du lan: Sergei Nakariakov, Pacho Flores, Asier Polo, José Franch-Ballester, Elisabete Matos, Estrella Morente, Manuel Blanco, Claudi Arimany eta abar.

Estatuko eta atzerriko bandek (AEB, Kolonbia, Israel, Korea, Italia, Frantzia, Suitza…) bere konposizioak interpretatzen eta grabatzen dituzte eta Espainiako jaialdiek eta bakarlari ospetsuek (Luis González, Spanish Brass L.M.) sarritan egiten dizkiote enkarguak. Hogeita bost CD erregistratu ditu bandako musika-zuzendari modura. Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997, eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen “Ignacio Morales Nieva” Musikako Sari Nazionala jaso zuen.

2015etik zuzendari titularra da Bilboko Udal Bandan eta 2018tik Bartzelonako Udal Bandako titularretako bat da. Oportoko Banda Sinfoniko Portugaldarraren zuzendari gonbidatu nagusia da 2012tik aurrera. www.pascualvilaplana.com.