Mondragon Unibertsitateak Uriarte sailburuari azaldu dio unibertsitate europarraren bere proiektua

0

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Bixente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak bilera izan dute gaur goizez Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Hitzordu honi esker, errektoreak MUren unibertsitate europarraren proiektua helarazi dio Hezkuntza sailburuari; proiektu horren helburua, funtsean, Europako testuinguruan ekintzailetzarako prestakuntza-eredua hobetzea da. Bileran, sailburuarekin eta errektorearekin batera, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak, Jon Altuna MUko errektoreordeak eta Lander Beloki MUko Enpresagintza Fakultateko dekanoak ere parte hartu dute.

Deialdia sustatzen duen Europako Batzordeak, Europako unibertsitateen eta negozio-eskolen arteko harreman handiagoa ehuntzea eta bultzatzea du helburu. Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateek dagoeneko aurkeztu dituzte beren proiektuak. Bileran, sailburua eta errektorea bat etorri dira Europako unibertsitateek bultzatzen duten ekimena proiektu desafiatzaile eta estrategikoa dela adieraztean, gure gizartean etengabe gertatzen ari diren aldaketen aurrean ikasleak prestatu eta trebatu ahal izateko. Nabarmendu dutenez, ekintzailetzaren bidea funtsezkoa da sortzen joango diren erronken aurrean ikasleak trebatzeko eta, horrela, etorkizunerako eta enplegagarritasunerako aukerak hobetzeko. Mondragon Unibertsitateak uste du, proiektua bultzatuz, bere parte-hartzeak ospea eta ikusgarritasuna lortuko dituela ikerketaren eta ekintzailetzaren gaian duen eraginari dagokienez, eta, horrela, egun indarrean dituen programen erakargarritasuna areagotuko dela.

Mondragon Unibertsitatea European Universities Initiative-EU4E partzuergoaren proposamenaren kide da, ESCP-Europe Business Schoolen gidaritzapean. Honako unibertsitate eta negozio-eskola hauek laguntzen diote Mondragon Unibertsitateari: ESCP Paris, ESCP Berlin, Lituaniako ISM- University of Management and Economics, eta Varsoviako Kozminski University, Polonian.

Gaur goizean aurkeztutako proiektua bat dator Hezkuntza Sailak –Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren bidez- bultzatzen dituen politikekin. Euskal Unibertsitate Sistemaren eremuan nazioartekotzearen aldeko apustua jasoa dago 2019-2022 aldirako Euskal Unibertsitate Sistemaren Planean bertan. Plan hau 2019ko martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluan. Bai Jaurlaritzak eta bai euskal unibertsitate guztiek uste dute erabakigarria dela unibertsitateen arteko lankidetza handiagoa bultzatzea Euskadiko gizarte-errealitateari estuki lotutako eremuetan: esparru akademikoan, ikerketa-eremuan edo unibertsitatearen eta enpresen arteko harremanetan. Era berean, Europako ikasleen eta irakasleen mugikortasuna sustatzea ere lehentasunezko helburuetako bat da.