Loraldia Festibalaren seigarren edizioa martxoaren 10a eta 29a bitartean ospatuko da. Edizio honetako lema, Hamaika desira! izango da.
- 20 egunetan zehar, diziplina artistiko guztiak, produkzio berriak eta estreinaldiak aurkeztuko ditugu. Bilboko 15 gune euskararen plaza bilakatuko dira.
- Festibalaren antolatzaileen helburuen artean: euskal sortzaile eta sorkuntza nabarmentzea; publiko berrietara heltzea; eta memorian sakontzea, iturri zaharren erreferenteetatik abiatu, proposamen berritzaileak plazaratzeko.
Gaur goizean aurkeztu da Loraldia Festibalaren seigarren edizioa Bilboko Rekalde aretoan, Hamaika desira! lemapean.
Aurkezpen honetan parte hartu dute Loraldia Festibalaren babesle diren erakundeen izenean: Aitziber Atorrasagasti, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria; Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua; eta Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzia. Eta Loraldia festibalaren aldetik, Imanol Agirre, Loraldia festibalaren zuzendari artistikoak; eta hauekin batera festibalean ekintzen bat burutuko duten zenbait artista izan dira, plazaratuko dituzten sormenen lagin txikia erakutsiz.
Loraldia Festibaleko seigarren edizioak euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan, hala nola: Iparragirre, 200 urte beteko baitira aurten Urretxuko bardoa jaio zenetik. Bizizale amorratua zen Iparragirre, baina guk haren bizitzan ibili ziren emakumeen begietatik ikusiko dugu; Joseba Sarrionandia; Agustin Xaho; edo Fermin Muguruza, besteak beste.
Nazioarteko hainbat pertsona ere gogora ekarri eta gure begiradaz berrinterpretatuko ditugu, izan ere, Bob Dylan euskara unibertsora ekarri dugu eta Lisboako fadoak ere plaza izango du. Fernando Pessoak Sarrionandia gonbidatuko du ardo berdea edatera Casa do Fadon. Loraldiaren sormenak ez baitu mugarik, ez denboran, ez espazioan ere.
AURTENGO LEMA ETA ARLOAK
Hamaika desira! da aurtengo festibalerako aukeratu den lema eta Loraldian gertatuko denaren erakusle da. Diziplina anitz, askotariko formatuak eta mota ezberdinetako ekintzak burutuko dira. Aurtengo edizioan teatroa, dantza, musika, literatura, zinema, gastronomia eta bertsolaritza presente izango dira.
Lehenengoz, rol joko bat burutuko dugu baita ere. Euskal kulturaren adierazpen berritzaileenak plazaratuko dira eta 20 egunetan zehar teatro lan eta beste ekintza batzuen estreinaldiak izango ditugu.