Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Osasun, Segurtasun, Lan eta Justizia sailek eta Bizkaiko Foru Aldundiak Zaldibarko zabortegia eraisteari buruzko koordinazio eta jarraipen mahai teknikoaren bigarren bilera egin dute gaur goizean.
Bilera goizeko 9:30ean hasi da, eta dagoeneko martxan dauden ekintzen jarraipena egitea eta neurri berriak hartzea izan du helburu.
Lehenik eta behin, herritarrei airearen eta uraren kalitateari buruzko komunikazioa eta informazioa indartzea erabaki da. Horretarako, Ingurumen Sailak, Osasun Sailarekin koordinatuta, egunero txosten bat argitaratuko du, neurketen emaitzak argi eta erraz jasoko dituena. Informazio-buletina Ihobek egingo du, eta alkatetzei bidaliko die, zabal dezaten. Informazio guztia, gainera, Ihoberen webgunean bertan egongo da eskuragarri.
Bestalde, kaltetutako hiru udaletan informazio-hitzaldiak egitea erabaki da datozen egunetan, Eusko Jaurlaritzako hiru sailetako teknikariek azalpen teknikoak eman ditzaten eta herritarrek neurketen eta emaitzen inguruan dituzten zalantzak argitu ditzaten. Bilera horiek gaur arratsaldean hasiko dira Eizagan, eta astelehenean Ermuan, asteartean Eibarren eta asteazkenean Zaldibarren ospatuko dira.
Nekazaritza Sailburuordetzaren eskutik baserrien gunean jada martxan dagoen elikadura kontrolarez gain, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Neikerrek, Haskik eta Elikak osatutako batzorde teknikoa eratu dute. Dagoeneko, bisitak egin dira kaltetutako eremuetara, eta 13 lagin hartu dira lurzorutik, larreetatik, baratzeko laboreetatik eta fruta-arboletatik, Neikerren laborategiak azter ditzan. Bitartean, eta prebentzio-neurri gisa, debekatuta dago produktu horiek kontsumitzea eta merkaturatzea.
Desagertutako bi pertsonen bilaketari dagokionez, jakinarazi da lursaila egonkortzeko lanak asteburu honetan hasiko direla. Gainera, lursailaren eremu egonkorrenetan lanean hastea aztertzen ari dira.
Eusko Jaurlaritza egiten ari den ekintza subsidiarioei dagokienez, lehentasunez lantzen ari dira alboko drainatzeak eta luiziak, bai eta sarbideak ere, sutera sartu ahal izateko eta datorren astelehenean itzaltzeko lanak hasteko.
Horrez gain, magalaren egoera aztertu eta obrako taldeei laguntza emango dien aditu geoteknikoen taldearen osaerari buruz erabaki da. Andoni Alcorta arduratuko da talde hori koordinatzeaz, eta Kantabriako Unibertsitateko katedradun bat eta Bartzelonako Unibertsitateko katedradun bat ere izango dira bertan, besteak beste.