Segurtasun Sailak, hil osteko omenaldi modura, Larrialdietako Merezimenduaren dominak eman dizkie 1987an Asturiasen istripua izan zuen Ertzaintzaren helikopteroko tripulatzaileei

0
Estefania Beltran de Heredia, Gervasio Gabirondo y Josu Zubiaga.

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak eman ditu gaur goizean Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduaren dominak. Ekitaldiaren hasieran minutu bateko isilaldia egin dute Zaldibarko zabortegian azpian geratutako bi langileen omenez. Omenaldi hunkigarriaren ondoren, bereizgarri gorriko dominak eman dizkiete, hil osteko omenaldi modura, adingabe baten bila ari zela 1987an Asturiasen istripua izan zuen Ertzaintzaren helikopteroan zihoazen tripulatzaileei. Horrez gainera, bereizgarri gorriko domina eman diote Julissa Santos andreari ere, eta bereizgarri berdeko dominak jaso dituztenak Borja Isturiz, José María Ibarra, Abdellah Yahyoui Azuz, Joseba Altube eta Iñaki Gómez Bergua izan dira, guztiak ere larrialdien eta babes zibilaren esparruan egindako merituzko ekintzengatik.

 Ekitaldia Donostian, Miramongo Parke Teknologikoko auditorioan, egin da, eta bertan izan dira Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea, Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria eta Segurtasun Saileko beste hainbat kargudun ere.

Bereizgarri gorriko domina pertsonak edo ondasunak arriskuan jarri dituen larrialdi-egoera batean aparteko karra, ausardia, gizatasuna edo gizarte-elkartasuna erakutsi duten ekintza edo jarduera bikainen kategoriari dagokio.

Bereizgarri berdeko domina, besteak beste,  larrialdi egoera batean pertsonak eta ondasunak babesten eta zaintzen edo larrialdiaren ondorioak murrizten laguntzeko erabakigarriak diren eta herritarrek egin dituzten, eta Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren helburuei laguntzen dieten, merezimenduzko ekintza, jarduketa edo egitateak saritzeko da.

Bereizgarri horiek ematen diren hirugarren aldia da, eta ohorezko sari horiekin Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak urtero saritzen ditu, batetik, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako zerbitzuak eta langileak eta, bestetik, larrialdi-egoeren ondorioak minimizatzen eta arintzen lagundu duten prebentzio-lanetan indibidualki nahiz kolektibo gisa nabarmendu diren pertsonak eta erakundeak.

Helikoptero istripua Asturiasen 

1987ko ekainaren 7an desagertu zen Ordialeseko begiratokian (Asturias) Germán Quintana Blanco 13 urteko haurra, Oviedoko Loyola ikastetxeko guraso-elkarteak antolatutako txango batean. Dirudienez, halako batean, adingabeak atseden hartzea erabaki zuen, eta ikastetxeko taldea begien bistatik galdu zuen.

Ekainaren 12an, eta behe-laino itxiaren ondorioz, Sohornin mendiko magala jo zuen operatiboan parte hartzen ari zen Ertzaintzaren helikopteroak.

Zazpi tripulatzaileak Juan Carlos González Carralero (helikopteroaren pilotua), José Antonio Renobales Scheifler (mekanikoa), Euskadiko salbamendurako txakurren taldeko txakur-gidariak, Joseba Zabala Ibabe, Javier Gallastegui Gorosabel, Luis Ángel Díez Pascual eta Lourdes Verdes Rola, eta Asturiaseko Printzerriko Gobernuko Babes Zibileko arduradun teknikoa, Corsino Suárez Miranda, ziren.

Julissa Santos

 2019ko azaroaren 3an Julissa Santosek arriskuan jarri zuen bizia gurpildun aulkian zegoen eta ezustean Bilboko Metroan, Aiboako geltokian (Getxo), trenbidera erori zen emakume bati bizia salbatzeko.

Julissa Santosek zalantzarik egin gabe jauzi egin zuen trenbidera emakumeari (Mildret Artajo) laguntzeko, eta biak nasako babesaren azpian dagoen tarte batean babestu ahal izan ziren biengandik oso gertu igaro zen konboia iritsi aurretik.

José María Ibarra eta Abdellah Yahyaqui Azuz 

2018ko abenduaren 27ko goizaldean, Bilboko Irala auzoko Medina de Pomar kaleko bi bizilagunek, José María Ibarra Románek eta Abdellah Yahyoui Azuzek, etxeak su hartu ondoren laguntza eske ari zen emakume bat erreskatatu zuten.

Bi bizilagunak etxebizitzan sartu ziren sarrerako atea botata, eta emakumea erreskatatu zuten. Emakumea Gurutzetako ospitalera eraman zuten egoera larrian, eta bi erreskatatzaileak Basurtuko ospitalean artatu zituzten kea arnastu izanagatik.

Iñaki Gómez Bergua 

2019ko maiatzaren 8tik 9rako gauean, Iñaki Gómez Berguak, Hondarribiako garbiketa-kontrata bateko langileak, herriko harresira igota zegoen gazte batek bere buruaz beste egitea eragotzi zuen.

Une horretan lanean ari zen langilea harresira igo zen, nahiz eta oso ilun zegoen, eta neskarengana hurbildu zen berarekin hitz egiteko eta denbora irabazteko asmoz. Azkenean ibilgetzea eta babesean jartzea lortu zuen, eta Ertzaintzara deitu zuen.

Joseba Altube 

2019ko maiatzaren 22an Joseba Altubek bihotz-biriketako bizkortze-maniobra egin zion Donostiako Urumea Pasealekuan bihotz-biriketako geldialdia jasan berri zuen pertsona bati.

Joseba Altubek inoiz ez zuen halako bizkortze-maniobrarik egin, nahiz eta teknika horri buruzko bideo bat ikusi zuela gogoratzen zuen.

Horri esker, geldialdia jasan zuen pertsona bizirik egon ahal izan zen larrialdietako zerbitzuak iritsi arte.

Borja Isturiz 

2019ko abuztuaren 13an Borja Isturiz ontzi-patroiak, Motoras de la Isla enpresan lan egiten duenak, Donostiako portuko uretatik erreskatatu zuen istripua izan zuen ontzi batetik erori zen emakume bat.

Donostiako Aste Nagusiko suak amaitu ondoren, portuan zegoen ontzi batean ura sartu zen arrazoiren batengatik, eta hondoratu egin zen barruan emakume bat eta bi gizonezko zeudela.

Diplomak

Ekitaldian, akreditazio-diplomen bidez sarituko dituzte Segurtasun Sailarekin hitzarmena duten eta lankidetzan 25 urte bete dituzten udal babes zibileko elkarteak. Aurten sarituko dira Alonsotegiko Babes Zibila eta Espeleosocorro Vasco-Euskal Laguntza.

Bestalde, zerbitzuan 10 eta 25 urte bete dituzten boluntarioen lana ere aitortuko da.

807.000 dei artatu dira eta 207.000 gertaera kudeatu dira

SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak guztira 807.305 dei artatu zituen (2018an 822.260) 112 telefono-zenbakiaren bidez, eta 207.658 gertaera kudeatu zituen (2018an 220.193).

Artatutako gorabehera gehienak larrialdi medikoekin (% 25,55), kalean hautemandako arriskuekin (% 22,07), pertsonen istripuekin (% 15,80), trafiko-istripuekin (% 10,90) eta herritarren segurtasunarekin (% 7,47) lotuta zeuden.

Lurraldeen arabera, Bizkaian guztira 101.020 gorabehera artatu zituzten (2018an 104.028), Gipuzkoan 69.843 (2018an 74.123) eta Araban 36.795 (2018an 42.042).

Artatutako deiei dagokienez, Bizkaian 431.905 dei izan ziren (2018an 449.748), Gipuzkoan 261.675 (2018an 259.716) eta Araban 113.725 (2018an 112.796).

Bestalde, SOS Deiak zerbitzuaren APPak, denbora berean, 20.310 deskarga erregistratu zituen eta 270 gorabehera kudeatu ziren, eta eCall sistemak, berriz, larrialdietako 32 dei sortu zituen.